Aiztondo Klasikaren XXI. edizioa jokatuko da larunbatean

Aiurri 2026ko martxoaren 26a

Alkizan hasi eta Larraulen amaituko da Aiztondo Klasika Txomin Perurena-Patxi Alkorta Memorialaren XXI. edizioa. 139 kilometroko ibilbidea izango du, eta bailarako herri guztiak zeharkatuko ditu. Trafikoan eragina izango du txirrindulariak pasatzen diren uneetan, eta Larraulen aparkalekuei ere eragingo die.

175 txirrindulari ariko dira aurtengo Aiztondo Klasikan. Afizionatu mailako proba da, eta Espainiako Koparako baliagarria.

Ibilbidea

Irteera Alkizan izango da 10:00etan, eta helmuga Larraulen jarriko dute, 13:30 inguruan. Hasiera neutralizatua Alkizan egingo dute, Asteasuraino. Ondoren, bailarako ohiko itzulia —Asteasu, Zizurkil, Aduna, Villabona, Zizurkil eta berriz Asteasu— hiru aldiz osatuko dute.

Jarraian, Alkizako igoera egingo dute: Anoetatik Axibar gainera igo, eta Sarasola sagardotegiko bidetik itzuliko dira Asteasura. Igoera hori amaituta, bailarako itzuliari beste bi bira emango dizkiote.

Azken zatian, berriz, beste bi itzuli egingo dituzte Muga Ranch igoera txertatuta, Villabonatik Fraisorotik barrena. Bigarrenean, Axibartik Sarasola sagardotegiko bidetik Larraulera joko dute, eta han egongo da helmuga.

Trafikoa

Mozketak puntualak izango dira, txirrindulariak igarotzean bakarrik. Antolatzaileek zehaztu dutenez, errepideak ez dira erabat itxita egongo; lasterketaren igarobidearekin batera egingo dira etenaldi laburrak.

Larraulgo aparkalekuak

Larraulen aparkalekuetan izango du eragina lasterketak. Hainbat gunetan aparkatzea debekatuko dute ostiraletik larunbatera bitartean, eta larunbatean bertan ere murrizketak izango dira; antolakuntzak pilotalekua egokitu du aparkatzeko gune gisa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!