Bilboko udaletxean bukatuko da Korrikaren 24. edizioa, igande honetan, 2750 kilometroko eta 3436 lekuko-hartzeko ibilbidea osatu ostean. Bizkaiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Udaletxeko zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.
Igandeko bukaera-egun handia aurkezteko, KORRIKAren ordezkariek prentsa-agerraldia egin dute aste honetan. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izanen dela Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua.
Amaiera-ekitaldia Ernesto Erkoreka plazan (Udaletxean) ospatuko da. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, AEKko kideen eskutik eta azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean. AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak Venezuela plazatik. Une horretan ezagutuko dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere Udaletxera iritsitakoan.
Egun osoko festa, igandean, Bilboko kaleetan
La Basu, Añube, Bele eta Mixerabliak kontzertuak eskainiko dituzte hainbat gunetan eta hainbat ekintza osagarri iragarri dituzte: azoka, herri-kirolak eta herri-bazkaria.
Autobusa, Andoaindik
Autobusa goizeko 09:00tan aterako da Makaldegitik. Nahi duenak aukera izango du, 15 eurotan, txartela erosteko Ernaitza liburudendan. Larunbat eguerdira arte zabalik izango da epea.
Autobusa, Urnietatik
Autobusa goizeko 09:00tan aterako da Hernaniko Atsegindegitik. Nahi duenak aukera izango du, 15 eurotan, txartela erosteko Urnietako eta Hernaniko AEKn.