Nazioarteko gatazkak eragin ditzakeen ondorioak arintzeko neurri sorta iragarri dituzte hiru aldundiek

Aiurri 2026ko apirilaren 5a

Hiru Lurralde Historikoen eskuduntza fiskal propioari esker, Irango gatazkak eragin ditzakeen ondorioak arintzeko neurriak aurkeztu dituzte.  Aurreikuspenen arabera, likidezian egingo duen eragina honako hau da: 282 milioiko eragina Bizkaian, 103,5 Araban eta 155 Gipuzkoan.  Orotara, 540,5 miloi eurokoa da EAE osora begira.

Zerga zorrak salbuespenez geroratzea

Proposatzen da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga zorrak atzeratzea, bermerik eta berandutze interesik sortu gabe.

PFEZren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo dira PFEZren konturako ordainketa zatikatuak egitetik.

Ezohiko amortizazio azeleratua eskuratutako aktibo berriei dagokienez

2026ko ekitaldian, fiskalki amortizazio azeleratu bat egiteko eskubidea aitortzen da (zenbateko arruntaren % 150) sozietateen gaineko zergaren zergadunek eskuratzen dituzten aktibo berrientzat; horrela, jarduera ekonomikoaren berraktibatzea bultzatzeko behar dituzten inbertsioak egiten laguntzen da.

Enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkari gehitua

2026ko ekitaldian, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat, malgutu eta handitu egin da enplegua sortzearen kenkariaren zenbatekoa sozietateen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, hartara enplegua sortzea errazteko. Bai enplegu orokorra sortzeagatiko kenkariak, bai gazteak eta emakumeak kontratatzeagatiko kenkari espezifiko berriak, %10ko igoera izango dute.

BEZaren itzulketen izapidetzea bizkortzea

EAEko hiru foru aldundiek konpromisoa hartu dute, halaber, BEZaren itzulketen tramiteak arintzeko, epeak laburtuz, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko, aurreko krisialdietan egin zen bezala.

Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia

“Neurriak oso garrantzitsuak dira lurraldeko ekonomia babesteko eta indartzeko, gero eta handiagoa den ezegonkortasun geopolitikoaren aurrean. Indarrak batu eta erabateko babesa eta konfiantza helarazi nahi diogu industria eta enpresa sare osoari, batez ere enpresa txiki eta ertainei, nahiz autonomoei, gure lurraldearen ongizatearen oinarri direlako. COVIDaren pandemia edo Ukrainako gerraren hasieran egin genuen bezala, gure eskumenak ustiatu eta gure fiskalitatea egokitzen dugu, gure enpresei eta autonomoei laguntzeko helburuarekin. Iragarri dugun neurri sortak helburu du gure ehun ekonomikoa babestea, une zailetan oxigenoa ematea eta gerra egoeran sendotasunari eustea, ez baitakigu zenbat iraungo duen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!