Jarraian, irakurritako komunikatua:
"ERAILKETA MATXISTA GEHIAGORIK EZ!
Asteazkenean Basaurin gizon batek bere emaztea hil zuen. Beste behin ere, 2026a hasi zenetik bigarren aldiz, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik gure amorrua eta mina adierazi nahi ditugu. Baita berriki Berrizen gertatutako erailketa saiakera dela eta, gizonezko batek labankadaz larri zauritu ditu bere bikotekidea eta semea.
Hasteko eraildako emakumearen familia, lagun eta gertukoei gure babesa adierazi nahi diegu. Horrelako une gogorretan ez dago mina arintzeko hitzik. Baita zauritutako emakumeari haurrari eta haien inguruko guztiei.
Baina, salatu behar dugu sistema hau jasanezina dela emakumeontzat*. Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista kolonial honetan emakumeok* emakume* izate hutsagatik erailtzen gaituzte, eta indarkeria matxista egunerokotasunean jasan behar izaten dugu; lantokian, kalean, etxean. Erailketak indarkeria matxistaren aurpegirik lazgarrienak dira. Egiturazkoa den indarkeria honekin amaitzea urgentea da eta egunero zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialarekin amaitu behar da.
Gizonok zuen erantzukizuna duzue honetan guztian. Egiturazko arazo honen sostengatzaileak zarete. Noiz bukatu behar duzue zuen arteko konplizitate eta isiltasunarekin?
Erakundeek ere baduzue zer egina. Baliabideak beharrezkoak dira horrelako egoerak saihesteko eta gertatu aurretik neurriak hartzeko. Erabaki arduratsuak hartu behar dituzue benetako justizia feminista bat izan dezagun. Prebentzioa eta arreta dira emakumeok* behar duguna, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko politika feministak. Erailketa baten ondoren esaten diren hitzak ez digute bizitza itzuliko.
Guztion ardura da: hau ez da "etxe barruko" kontua; auzi politikoeta soziala da.
Feministok autodefentsan jarraituko dugu. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten. Egungo egoera irauli behar dugu denok aske bizi ahal izateko.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENAK ASKE IZAN ARTE!
GORA BORROKA FEMINISTA!"