Jasotako Haurrak elkartea sortu dute

Xabier Lasa 2026ko maiatzaren 4a

Lola Valverde eta Eva Garcia historia ikerlariak, Jasotako Haurrak elkarteko kideekin, Ernest Llucheko ekitaldian.

Lola Valverde historialaria eta Eva Garcia ikerlaria Ohorezko Bazkide izendatu zituen berriki eratu duten Jasotako Haurrak elkarteak, Donostian joan den apirilaren 20an. Elkartearen lehenbiziko agerpen publikoa izan zen

“Gipuzkoan jasotako haurren memoria eta nortasun-eskubidea” izenburua zeraman ekitaldia antolatu zuen Jasotako Haurrak elkarteak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, apirilaren 20an. Ekitaldiak bat egin zuen Realari Donostian egin zioten harrerarekin; hain zuzen, ordu berean eta leku berean (ehun metro eskasera, milaka pertsona bildu ziren Anoeta estadioko atarian, Alderdi Ederrarako bidea hartu zuten jokalariei harrera egiteko) egokitu zen ekitaldia. Nolanahi ere, aipatzekoa da Jasotako Haurrak elkarteak egindako deialdiak erakarri zuen jendetza; seinale garbia, gaiak herritar askoren arreta ez ezik, barru-barruko emozioak eta sentimenduak pizten dituela, zalantzarik gabe.

Ekitaldia bi helbururekin antolatu zutela aitortu zuten elkarteko kideek: Batetik, Gipuzkoan jasotako haurren historian sakontzea, Lola Valverde Lamsfus historialariaren eta Eva Garcia Magriña ikerlariaren eskutik. Bestetik, “premiazko gizarte-eskaera baten bozgorailu izatea; jasotako haurren ondorengoek egia jakiteko duten eskubidearena, alegia”.

Jasotako haurren aldeko elkartea 

Berrogeita hamar bat gipuzkoarrek eratu dute Jasotako Haurrak elkartea, irabazi asmorik gabekoa. Jasotako haurren ondorengoak dira gehien-gehienak; nolanahi ere, bada jasotako haurrik ere tartean. Bazkide berri izateko edo informazioa jasotzeko, honako helbidea jarri dute: jasotakohaurrak@gmail.com

Gipuzkoako haur expositoei memoriarako eta justiziarako zor  zaien eskubidea aldarrikatzen du elkarteak, eta Gipuzkoako Aldundiari bideratzen diote eskaera hori, batik bat. Haur expositoen zaintzan hamarkadetan egindako lana aitortu arren, horien ondorengoei beren jatorria ezagutzeko eskubidea ezin zaiela ukatu azpimarratzen dute. 

Donostian ospatutako ekitaldian, elkarteak burutan daukan goi asmoa azaldu zuten: “XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendearen erdialdera arte Gipuzkoako ongintza-sistema hartu zituen milaka haurren estigma sozial eta historikoa deuseztatzea eta haien jatorri biologikoaren bilaketan laguntzea”. Zehazki, lau zutarri izango dituela bere jardunak, adierazi zuten: elkartasuna, informazioa eskuratzea, dibulgazioa eta memoria, eta, identifikazioa. 

Elkartasunari dagokionez, jasotako haurren senide eta ondorengoek batzen ahaleginduko da, “elkar lagundu eta babesteko”.

Erakundeek zaintzen dituzten jasotako haurren espedienteak eta informazioa legez eskuratzea izango da bigarren jardunbidea.

Hirugarrenik, dibulgazioa eta memoria jorratuko dituzte: “Jasotako haurren ama biologikoen memoria historikoa eta soziala” leheneratzen, eta horretarako, “haien inguruan oraindik ere badirauden tabuak eta estigma" hausten saiatuko dira.

Azkenik, jasotako haurren ondorengoei euren jatorri biologikoa ezagutzen laguntzeko ekimenak bultzatuko dituzte.

Valverde eta Garciarekin, esker oneko

Gipuzkoan jasotako haurrean gainean historia eta dibulgazioko lanak burutuak dituzten Lola Valverderi eta Eva Garciari esker ona adierazteko probestu zuten elkarteko kideek, Donostiako ekitaldia. Elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu zituzten, era horretan. 

Bi omenduek urtetan egindako ikerketaren gainean hitzaldi bana eman ahal izan zuten ekitaldian.

 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 691 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!