San Isidro eguneko ospakizunak Aiztondon, ostiral honetan

Aiurri 2026ko maiatzaren 12a

Maiatzak 15 izango ditu ostiral honetan eta, eskualdean, ospakizun ezberdinak izango dira baserritarren egunaren harira. Amasan, Asteasun eta Zizurkilgo herrigunean egingo dituzte ekitaldiak, San Isidro eguna ospatzeko. 

Amasan, 10:00etako mezarekin hasiko dute eguna eta, eguraldiak laguntzen badu, prozesioa ere egingo dute. Ondoren, ohiko hamaiketakoa egingo dute eta, eguerdian, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute Amasako baserritarrek. 

Asteasun, 11:15etan hasiko dute ospakizuna, mezarekin. 11:40etan herriko haurrek herri kirol erakustaldia eskainiko dute eta, 12:30etan, txistorra eta sagardoa jarriko dituzte plazan, trikitilarien doinuek lagunduta. 14:00etan, bazkaria egingo dute Iturri-ondo jatetxean. Tiketak salgai egongo dira maiatzaren 13ra arte. Bazkalostean, Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi bertsolaria eta trikitilaria arituko dira.  

Zizurkilen, 12:30etan herri kirol saioa izango da Intxaur pilotalekuan. Pentatloian arituko dira Iñigo Zabala eta Xabat Olaizola eta, harria jasotzen Udane Ostolaza. 14:00etan bazkaria egingo dute Iriarte jatetxean.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!