Beat Eroak: hitzarekin eta musikarekin jolasean

Lide Ruiz Telleria 2026ko maiatzaren 19a

Beat Eroak ekimena antolatu dute Buruntzaldeko Euskara eta Gazteria Zerbitzuen lankidetzari esker. Odei Barrosok eta Telmo Trenorrek 12-16 urteko eskualde osoko gazte taldeak trebatu dituzte. Hala, maiatzaren 7an egin zuten sari-banaketa ekitaldia

Proposamen berritzailea egin du, aurten, eskualdeko euskara zerbitzu mankomunatuak: kultura garaikidean sakontzeko Beat Eroak egitasmoa martxan jarri du. Lehen edizioko partaideak elkartu zituzten Astigarragako Erribera kulturgunean. Bertan, eskualdeko gazteek beren kantak aurkeztu zituzten jendaurrean, eta entzuleen zein epaimahaiaren botoak aintzat hartuta, Andoaingo gazteek sortutako “Laguntasuna” abestia izan da irabazlea. Beat Eroak proiektua, Buruntzaldeko 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako rap tailerra eta lehiaketa izan da, helburu nagusia honakoa izanik: euskararen erabilera sustatzea. Letra eta musika sortzeko ekimena eskualdeko sei udalerrietan antolatu da, hots, Andoainen, Urnietan, Usurbilen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Otsailean abiatu  eta udalerri bakoitzean bina saio antolatu zituzten: bata, otsailean eta, bestea, martxoan. Lehenengoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin oinarri musikala aukeratu eta rap letrak landu zituzten. Bigarrenean, berriz, Telmo Trenor DJ disko-jartzaile eta ekoizlearen laguntzarekin, landutako oinarri musikalarekin eta osatutako letrekin, kantua sortu eta grabatu zuten.

Saio horien ostean, udalerri bakoitzak bere kanta argitaratu zuen, eta horien arteko irabazlea hautatzeko prozesua abiatu zen. Irabazlea, esan bezala, entzuleen eta epaimahaiaren botoen bidez hautatu dute. Hain zuzen, bozka emateko epea apirilaren 30era arte egon zen zabalik.

Udalerriz udalerri

Talde bakoitzak aukeratutako kantuaren izenburua eta partaideak:

  • Andoain: "Laguntasuna". Partaideak: Irati Hernandez. Euri Zubizarreta, Ekhi Ugalde, Aroa Etxarte, Jare Lizarralde, Malen Torres eta Aiur Garcia.
  • Urnieta: "Hau da". Partaideak: Iker Ramos eta Ramon Grancsa.
  • Hernani: "Denbora pasa". Partaideak: Daren Suso, Liher Arruarte, Axel Mendizabal eta Xabi Martinez.
  • Astigarraga: "Gazteen bizitza". Partaideak: Oier Lobato, Adei Larrañaga, Oier Casado, Markel Ruiz eta Adur Delgado.
  • Usurbil: "Larunbat gauak". Partaideak: Anne Lasa eta Katixa San Millan.
  • Lasarte-Oria: "Hauek dira". Partaidea: Ixone Acuña.

Kantu guztiak, Youtuben entzungai eta ikusgai

Odei Barroso raperoaren laguntza izan zuten kantuaren sorkuntzan. Eta Telmo Trenor DJarekin batera sortu zuten musika. Lanketa horien emaitza dira 6 abestiak eta guztiak batuta aurki daitezke webgune honetan: euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak. Bertan ageri da kantu bakoitzaren leihotxoa, izan ere, Youtubera igota daude Beat Eroak egitasmoko proposamenak. Haiek guztiak entzuteko eta gozatzeko garaia da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!