Aduna, Alegia, Altzo, Anoeta, Ibarra, Irura, Villabona eta Zizurkilen dago Loatzo Musika Eskola. 2002 urtean hasi zuen eskolak bere bidea eta helburu nagusi batekin ari dira lanean; herritarren artean musikaren kultura zabaltzea, musika tresna batean trebatzeko aukera ematea, eta ekimen ezberdinetan parte-hartzea sustatzea.
Garapena
Zuzendaritza taldeko kideek azaldu dute nolakoa izaten den musika eskolan hasten diren haurren garapena: Lau-bost urteko haurrek, jolasen bidez lantzen dituzte kantua, erritmoak, psikomotrizitatea, elkar-entzutea eta beste hainbat alor. Sei urterekin pentagrama ezagutzen hasten dira. Pixkanaka, doinuak kokatzen hasiko dira eta ikur erritmikoei ere izenak jartzen ere hasiko dira.
Musika tresna
Garapen horretan aurrera eginez, zazpi urterekin hastapen mailan sartzen dira; irakurketa txikiak egiten hasteaz gain, doinuekin kantu txikiak sortuko dituzte. Hurrengo pausoa haurrek zortzi urte dituztenean iristen da. Gaztetxoek musika tresna hartzen dute eta, musika hizkuntzarekin batera, euren ibilbidea hasiko dute. Musika tresna aukera zabala eskaintzen du Loatzo Musika Eskolak: Biolina, biolontxeloa, klarinetea, perkusioa, saxofoia, tronboia, bonbardinoa, zeharkako flauta, txistua, dultzaina, trikitixa, panderoa, alboka, pianoa, eskusoinua, gitarra, gitarra elektrikoa, baxua. Hauez guztiez gain, kantua ere irakasten dute.
Musika hizkuntza
Musika hizkuntzaren inguruan, honakoa azaldu dute Loatzo Musika Eskolako zuzendaritza taldetik: "Hizkuntza unibertsala den aldetik, hizkuntza hori bultzatzea dagokigu musika eskoloi. Izan ere, oinarrizkoa baita musika-tresna baten garapenerako. Gaur egun metodologia erakargarriak erabiltzen ditugu musika hizkuntza lantzeko, haurrek ahalik eta modu atseginenean ikasi eta barneratu dezaten".
Taldeak
Musikarien trebakuntzan, taldean jotzen hastea izaten da hurrengo pausoa. "Taldeetan aukera zabala dugu Loatzo Musika Eskolan: Orkestra, bandak, haize taldeak, gitarra taldeak, erromeria taldea, triki taldeak, txistu taldea, esku soinu taldea, teklatu taldea… Herrietako bizitzen parte izaten saiatzen gara, eragile ezberdinekin lanean eta udal arduradunekin harremanetan, eskaintza hobetu edo ahalik eta herritar gehiagorengana iristeko bideak aurkitzen".
Inklusiboa, euskalduna eta gertukoa da Loatzo Musika Eskola. Maiatzean zehar zabalik izan dute musika eskolan matrikulatzeko epea eta oraindik bada aukera.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 693 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.