Makina bat alditan entzun behar izan dute zeinen gazteak diren: “hasieran jende asko harritzen zen gurekin, baina plazatan jo ahala, normaltzen ari dela gure presentzia esango genuke”. Amasa-Villabona, Hernani, Aduna, Tolosa eta Urnietakoak dira, eta amankomunean dute Kristina Solano izan dutela irakasle, trikitiarekin eta panderoarekin.
Aia Ama! izenaren jatorria
Aitorzen dute ez zutela gehiegi pentsatu behar izan, entsegu batean sortu zen pasadizu bati heldu ziotela: “entsegu batean, batek akatsa egin zuen nota batekin, eta Ai Ama! Oihu fina atera zitzaion amorrazioz. Grazia eman zigun besteei, normalki hitz poltikogoak erabiltzen ditugulako haserrea adierazteko. Bada, horrelaxe, esamolde horrekin geratu ginen”.
Nahiko eskarmentua egina daukate jada, jendaurrean jotze kontu horretan. Musika eskolako entzunaldietan hasi ziren, gero binaka ekin zioten, eta azkenean, seiak elkartzea erabaki zuten, plazetan erromeria giroko dantzaldiak egiteko.
Udari begira, berriz, zortzi dantzaldi lotuta dauzkate jada, Ai Ama!-ren oihartzuna dexente ari baita zabaltzen Tolosaldean eta Beterri-Buruntzan. Euskal kutsuko abestiak jotzen dituzte, erromeria giroko klasikoak eta modernoagoak (La Txama, Esne Beltzak, Dupla...) uztartzen saiatzen dira, nahiz eta rantxerak eta antzeko doinu dantzagarriak ere sartu errepertorioan. “Unean-unean egokitzen den plazaren eta jaiaren arabera, adin guztietako publikoarentzat jotzen saiatzen gara. Prest gaude edozein adineko jendea dantzan jartzeko! Gertatu izan zaigu gure aiton-amonak izan zitezkeenak edukitzea aurrean, eta oso gustura aritu gara”.
