Lehen hausnarketa Plan Funtzionalaren egiteko prozesua eta komunikatzeko eraren gainekoa da:
2025eko ekainaren 13an Alkateen mugimenduko ordezkaritza bat Osasun Sailburuarekin eta bere ordezkaritzarekin bildu ginenetik, alkateok ez dugu jaso ordezkatzen ditugun instituzioek merezi duten tratua. Bitarte honetan informazio partzialak eta nahasiak besterik ez ditugu jaso eta desleialtasun instituzionalaren mugan dauden jokabideak ere jasan ditugu. Prozesu osoan ez dugu Plan Funtzionalaren lanketan parte hartzeko aukerarik izan. Elkarlanean aritzeko, lanketa partekatua egiteko eta adostasun zabalak lortzeko aukera ederra baztertu du Osasun Sailak.
Plan funtzionalaren azterketari dagokionez berri, lehen irakurraldian nabarmen antzematen da ez dituela, tamalez, Tolosaldeko osasun beharrak asetzen, eta ez duela beste eskualdeek duten osasun arretaren parekorik bermatzen. Hauek dira adibide batzuk:
Jarduera Kirurgikoa
- Ospitaleratze gabeko kirurgia izango da. Orain arte kirurgia mota guztiak Asuncion klinikan egiten dira, bai ospitaleratze gabekoak, endoskopikoak… baina baita orokorrak eta larrialdietakoak ere. Batez ere digestio aparatukoak, trauma, oftalmologia… Ospitaleratzea eskatzen duten kirurgiak desagertzen dira.
- Dokumentuan adierazten da 4 kirofano egongo direla. Emandako datuak ez dirudi zuzenak direnik. Asuncionek urtean 1000 prozedura egiten dituela jasotzen da baina Asuncionek urtean 2000 prozedura egiten ditu.
- Aipatzen da, horietako kirofano bat oftalmologiarako espreski izango dela, kataratak egiteko. Beste bi berriz, endoskopiak egiteko izango direla. Gainerako guztiarentzat beraz kirofano bat geratzen da. Zer gertatzen da traumatologiarekin? Dena Donostiara?
- Esterilizazio zerbitzurik ez da egongo azpiegituran. Nola egingo da prozesu hau? Esterilizazioa kanporatzen saiatu diren ospitaleetan arazoak egon direla ikusi dugu.
Ospitaleratzea
- Tolosaldeko biztanleriaren patologia konplexua, Gipuzkoako gainerako eskualdeetan bezala Donostiako ospitalean egingo da. Halaber, larrialdi eta ospitaleratze pediatrikoak Donostiako Ospitalean egiten jarraituko da. Guk hori egokitzat jotzen dugu.
- Azpiegitura berria, gehienbat, gaixo kronikoentzat izango da, desoreka uneetan (une akutuak) ospitaleratzea bermatzeko (60 ohe) eta beste gune bat (30 ohe) egonaldi ertain-luzeetarako.
- Ohe kopurua kalkulatzeko erabili diren datuak ez dira oso argiak , eta Asuncion eta Donostia ospitaleko kronikoen artan oinarritu dira. Matia eta beste egoitzak aipatzen dituen arren, kontabilizatzeko orduan kalkuluak ez dira oso argiak.
- Barne medikuntzako medikuek izango dute ospitaleratzeko ardura eta mediku bakarra (barne medikuntza) egongo da guardian ospitalizaziorako eta kirurgia egin ostean etxera joan ez diren salbuespenetarako. Nahikoa al da?
Larrialdiak
- Aurreko puntuarekin lotuta, ez dago batere garbi zer gertatuko den larrialdiekin. Zer larrialdi mota artatuko dira Tolosan? Dena Donostiara bideratuko al da? Tolosan egun anbulatorioan dagoen Etengabeko Arreta Gune bat geldituko al da?
- Anbulantziaren basea ospitalean egongo da. Patologia akutu guztiek ospitaleratzeko aukerarik edukiko ez dutenez, gaixoen trasladoek gora egingo dutela aurreikusten da.
Laburbilduz
- Egun ematen diren zerbitzu asko desagertzen dira, hala nola kirurgiak eta akutuen ospitalizazioak.
- Proposatzen dena ez da ospitale bat, Donostiako ESI-aren menpeko azpiegitura (horrela deskribatzen dute dokumentu osoan) bat da. Zentro soziosanitario bat dela esan daiteke. Eskualdeko ospitale izaera galtzen da.
- Tolosaldeko ESIari aipamenik ez zaio egiten. Tolosaldeko ESIa zertan geldituko da? Zer nolako koordinazioa egongo da bi ESIren artean? Integrazioaren ikuspegitik Tolosaldeko ESIa apurtu egiten dela iruditzen zaigu.
- Tolosaldeko ESIak komunitatearekin dituen harremanak (udalekin, egoitzekin, osasun publikoarekin…) nola geratzen diren ez da azaltzen.
- Orokorrean Akutuen Ospitalea desagertu eta kronikoentzako ospitalea geratzen da (Asuncionek egun dituenak baino 30 ohe gutxiagorekin).
- Kirurgia orokorra eta traumatologikoa desagertzen dira, kirurgia txikieta mugatuz. UCSIa (Unidad de cirugia sin ingreso) bakarrik egongo da.
- Tolosako anbulategiarekin zer asmo dagoen ez da azaltzen. Zer gertatuko da eraikin horrekin?
- Tolosaldeak, irisgarritasuna eta zerbitzuak galtzen ditu eta Donostia saturatzen du.
Hausnartzeko alderdiak
- Proposamen honek sekulako eragina du Donostiako ospitalearentzat. Plan funtzional honek paraleloki ekarri beharko luke Donostiako ospitalearen eraldaketarako plana, hori gabe erabat errena da. Une honetan Donostian dagoen egoera ez da erraza, birdimentsionamendu oso handia behar da hau posible egiteko. Non dago Donostiarako plana? Tolosaldeko azpiegitura berrirako plan funtzionala eta Donostiako ospitalearen berrantolaketaren proposamena batera joan behar dute halabeharrez. Bata bestea gabe ez du zentzurik.
- Zentro soziosanitario bat da proposatzen dena. Horretarako ez da ospitale berri bat behar. Horretarako, adinekoen egoitzetan ohe gehiago sar daitezke eta osasun taldeak indartu daitezke. Ospitaleratzeak ekiditeko zirkuituak antola daitezke. Planteamendu integral bat eskatzen du lehen arretatik hasita.
- Asunzion klinikako langileek ez dira besoak gurutzatuta geldituko bost urte barru klinika itxiko dela jakinda. Dagoeneko hasiak dira beste lan aukera batzuk aztertzen eta klinika uzten. Hemendik aurrera egoera hau areagotuko dela aurreikusten dugu. Aurrerantzean klinikak zerbitzua bermatzeko arazoak izan ditzakeela pentsatzen dugu.
Ondorioak
Jaurlaritzak mahai gainean jarritako Plan Funtzionala aintzat hartuta, ospitale berria bere horretan eraikitzea beharrezkoa ote den galdetzen diogu geure buruari. Ez al litzateke zentzuzkoagoa Asunción Klinika publifikatzeko aukera serioski aztertzea eta bideragarria balitz Osakidetzak kudeaketa bere gain hartzea?
Aurkeztutako plana aurrera eramateko klinikak dituen espazioak nahikoak eta soberazkoak dira. Bestaldetik, langilegoaren aferari irtenbidea emateko bidea erraztuko luke eta zerbitzu publikoa bermatuta geldituko litzateke.
Tolosaldeko alkateok garbi dugu Gipuzkoako gainontzeko eskualdeen pareko arreta eta zerbitzuak izan behar dituela gure eskualdeak. Helburu horrekin aztertu dugu aurkeztutako plana eta orain arte bezala elkarlanerako gure prestutasuna azaltzen dugu denok partekatzen dugun helburua lortzeko, Tolosaldeak kalitatezko osasun arreta publiko eta euskalduna jaso dezan.