Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen karakterizazioak egin ditu eskualdeko hainbat udalerritan, hondakinen gaikako bilketaren kalitatea aztertzeko. Aiurriren eremuan, Aduna, Amasa-Villabona, Andoain, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo datuak jaso dituzte. Azterketaren helburua organikoaren eta errefusaren edukiontzietan benetan zer hondakin mota biltzen den ezagutzea izan da, hobekuntzarako aukerak identifikatzeko.
Zer da hondakinen karakterizazioa?
Karakterizazioak hondakinen osaera aztertzeko egiten dira. Kasu honetan, herri bakoitzeko organikoaren eta errefusaren edukiontzietako hondakinak hartu, motaren arabera sailkatu eta pisatu dituzte. Horrela, gaikako bilketaren kantitatea ez ezik, haren kalitatea ere neurtu ahal izan dute.
Lortutako emaitzak herritarrei helarazteko, udalerri bakoitzerako triptiko bana prestatu du Mankomunitateak. Bertan jaso dituzte karakterizazioen ondorioak, azken bost urteetako gaikako bilketaren bilakaera, hondakinen tratamenduaren kostuei buruzko datuak eta birziklapena hobetzeko gomendioak.
Organikoaren bilketa, oro har, kalitate onekoa
Karakterizazioek erakutsi dute organikoaren edukiontzietan jasotzen den materialaren kalitatea, oro har, ona dela. Zizurkilen neurtu dute daturik onena: edukiontziko edukien % 98,68 materia organikoa da. Larraulen % 96,67koa da portzentajea, eta Asteasun
% 95,02koa. Amasa-Villabonan eta Andoainen ere % 93tik gorako garbitasun maila neurtu dute.
Kalitate horrek eragina du tratamenduan ere. Mankomunitatearen arabera, organikoaren bilketa kalitatezkoa izatea garrantzitsua da kalitatezko konposta lortzeko. Asteasun eta Larraulen, esaterako, organikoaren tratamenduak ez du gainkosturik izan.
Errefusa, hobetu beharreko frakzioa
Karakterizazioek agerian utzi dute erronka nagusia errefusaren edukiontzian dagoela. Izan ere, bertan amaitzen duten hondakin askok beste edukiontzi batean bukatu beharko lukete. Asteasun, Amasa-Villabonan, Andoainen, Larraulen eta Zizurkilen errefusean bildutako hondakinen erdia baino gehiago birziklagarria da; Adunan, berriz, ehunekoa % 80ra iristen da.
Errefusean gehien agertzen den hondakina materia organikoa da. Herri gehienetan edukien % 40 ingurua organikoa da, eta Adunan ia % 70era iristen da. Mankomunitatearen arabera, horrek erakusten du oraindik badagoela tartea gaikako bilketa hobetzeko.
Ohiko akatsak
Mankomunitateak nabarmendu du hondakinak gaizki sailkatzeko arrazoien artean ezagutza falta, ohitura falta eta erosotasuna daudela. Horregatik, informazioa zabaltzeko eta herritarren artean ohitura egokiak sustatzeko lana egiten jarraitzen du.
Ohiko akatsen artean daude pixoihalak edo zigarrokinak materia organikotzat hartzea, ontziak ez diren plastiko gogorrak ontzi arinen edukiontzira botatzea, brikak paperarekin nahastea eta edalontziak edo platerak beirarentzako edukiontzira botatzea.
Kostuan ere eragina du
Mankomunitatearen arabera, hondakinak behar bezala sailkatzeak ingurumenari ez ezik, kostu ekonomikoari ere eragiten dio. Organikoaren tratamenduak 144,72 euroko kostua du tonako; errefusarenak, berriz, 232,64 eurokoa.
Horregatik, datozen urteetarako erronka nagusitzat jo dute gaikako bilketaren kalitatea hobetzea. Helburua, azaldu dutenez, ez da gaikako bilketako edukiontziak gehiago betetzea, baizik eta hondakinak dagokien tokian uztea, ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta errefusaren kopurua murrizteko.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 696 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.