Euskal pilota gazteen artean sustatzeko Kanpusa

Xabier Lasa 2026ko uztailaren 7a

Xabier Tolosa eta Peru Urdanpilleta Kanpuseko hainbat parte-hartzailerekin, Larraulgo Murgilazpi frontoian. Aiurri

Behar Zana pilota taldea urtero antolatzen ari da Euskal Pilota Kanpusa: 120 gaztek eta 18 begiralek osatzen dute aurtengoa. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo pilotaleku eta plazak bizitasunez janzten ari dira goizero, egunotan.

Euskal pilota sustatzeko eta zegoen hutsunea bete nahian jarri zuen abian Behar Zanak Euskal Pilota Kanpusa orain bost urte. “Pilotaz gozatu eta gehiago ikasi nahi duten horiei behar duten pilota dosia ematea eta etorkizunean pilotaz gozatzen jarraitzea” izan zen hasieratik helburua, eta argi dago asmatu zuela egitasmoarekin, modu arrakastatsuan egin baita urtez urte. 

Jokamolde ezberdinak ezagutzeko aukera ematen die kanpusak parte-hartzaileei. Jokoetan sakontzeaz gain, eskulanak, profesionalen bisitak, naturarekin harremana, elikadura osasuntsua... lantzen direla gogorarazi du Behar Zanak. Lehen hezkuntzako lehen mailatik DBHko laugarren maila bitarteko neska-mutilei zuzendua dago kanpusa; alegia, sei urtetik 16 urte bitarteko aurre-benjamin, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako gazteei.

120 gazte eta 18 begirale

Tolosaldea, Buruntzaldea eta Aiztondotik ez ezik, Gipuzkoako beste eskualdeetatik etorritako 120 neska-mutilek ekin zioten Kanpusari ekainaren 22an, eta bertan arituko dira uztailaren 3a bitarte. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Anoeta, Asteasu, Irura, Larraul eta Zizurkilgo pilotaleku eta plazak bizitasunez janzten ari dira goizero, egunotan. Beraz, herritarrak ez daitezela harritu Behar Zanaren logotipoa eta “Pilotakadek batzen gaitu” leloa daramaten kamisetadun gazteekin topo egiten badute. 

Villabonako plazan biltzen dira goizero, eta taldeka, aipatu herrietan sakabanatzen dira. Euskal pilotako hainbat jokamoldetan trebatzen dira egunero, eskuz, errebotea, joko garbia, pasaka, pala... 

Larraulgo Murgilazpi pilotalekuan Xabier Tolosa eta Peru Urdanpilleta begiraleak topatu ditugu, gazteekin. Anoetakoa da Tolosa, pilotari profesional ohia; Lasarte-Oriakoa, berriz, Urdanpilleta, pilotari amateurra. Beren herriko pilota eskoletan aritzen dira biak. Tolosaren hitzetan, “pilota mundutik gatoz Kanpusean gabiltzan 18 begiraleak. Denetik gara, pilotariak, udalekuetako begiraleak, teknikariak, magisteritza nahiz soin-hezkuntzako ikasleak... Kanpusa baliagarri zaigu pilota munduko jendea ezagutzeko edota bizipenak partekatzeko”. Biek argi ikusten dute euskal pilota modalitateek badutela Behar Zanaren Kanpusaren eta antzekoen premia.

“Balio baikorrak transmititzen ditu Kanpusak: gure herriko kirolarekiko atxikimendua, jokamolde desberdinen ezagutza, laguntasuna, aisialdia kirolarekin gozatzea...”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!