Fleming Herri Eskolako zuzendari Jexux Quesadari omenaldi sentitua

Jon Ander Ubeda 2026ko uztailaren 2a

Urnietako bizilaguna dugu Jexux Quesada eta, larunbat eguerdian, Idiazabal kalean zebilen erosketak egiten. Ez zuen inondik inora, etxera itzulitakoan, jaso behar zuen sorpresa itxarongo. Izan ere, Urnietatik kilometro gutxira, Amasa-Villabonan, Fleming Herri Eskolako zuzendaria da. Erretiroa hartzear dela omenaldia antolatu zioten lankideek. 

Urnietako eta Amasa-Villabonako musikariak hurbildu zitzaizkion Lategi auzoan bizi den etxera. Hura izan zen lehen ezustekoa. Handik oinez kalejiran abiatu ziren eta, herriko hainbat tokitan geldialdiak egin ondoren, Oianumera iritsi ziren.

Bigarren ezustekoa han topatu zuen, dozenaka lagun zain zituelako. Hots, lankideak, gizarte bizitzaren ordezkariak, gurasoak, Hezkuntza delegaritzako ordezkariak... bere jardunean utzi duen arrasto sakonaren seinale. Oianumen egin zuten ospakizun handia eta, bazkaltzen hasi aurretik, Aiurri astekariaren galderak erantzun zituen.

Jexux Quesadarekin solasean

Sorpresa galanta eman dizute, Jexux.

Bai, sorpresa handia hartu dut. Jende asko etorri da, eta egia esan, niri ez dit inork abisatu.

Nolakoa izan da etxetik hona egin duzuen ibilbidea?

Oso polita izan da. Batez ere, horrenbeste Flemingkide nire ondoan ikusita. Egia esan, ez dakit horrenbesteko aitortza behar edo merezi dudan, ala ez. Baina oso hunkigarria izaten ari da.

Zerbait ondo egin izanaren seinale izango da, ezta?

Zerbait oso ondo egin dugunaren seinale. Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskolako zuzendaritza-taldeak eta klaustro kideek egindako lana nabarmenduko nuke.

Hunkituta zaude?

Bai, oso.

Erretiroa hartu behar al duzu orain?

Bai, erretiroa hartu behar dut. Hau izan da nire azken ikasturtea, ekainaren 30ean amaitu dena. Azken lan egunak irailaren 1ean eta 2an dira eta, hortik aurrera, erretiroa hartuko dut.

Ardura postuak izatetik, erretiroa hartzera. Aspertu egingo zara? Zein zaletasun dituzu?

Nafarra naiz, eta bertako herri txiki batean nire familiaren baserria dut eta hori, bai ala bai, zaindu behar dut. Horrez gain, txirrindularitza ere oso gogoko dut. Urnietan ere baratzea dut, beraz, erretiroa hartu, bai, baina okupatuta ibiliko naiz!

Hitz gutxitan laburbildu dezakezu hainbeste urtetan Fleming Herri Eskolako zuzendaritzan eginiko ibilbidea?

Zuzendaritzan sartzen zarenean ez duzu inoiz imajinatzen, eskola eta irakasleez gain, kudeatu behar diren beste alor guztiez. Komunitateaz ari naiz: gurasoak, Udala, Hezkuntza Saila… Testuinguru horretan gure estrategia Fleminkidetasuna asko lantzea izan da. Eskolarekiko kidetasun sentimendua landu dugu, eta uste dut lan bikaina izan dela. Azken klaustroa prestatzen ari naiz, eta azkeneko 9 urte hauetan egin duguna errepasatzen ari naiz, eta harrotasun handia sentitzen dut denon artean egin dugun lan guztiaz.

"Handia bezain umila"

Oihana Lopez (idazkaria) eta Josune Herrero (ikasketa burua) Jexuxen zuzendaritza-taldeko kide izan dira 9 urtez. Hauexek euren hitzak omenduari: "Jexux pertsona umil bezain handia da, handia bezain umila. Bihotza da. Egiten duen guztia bihotzetik egiten du, modu naturalean. Berdin zaio nor duen aurrean, izan ikasle zein irakasle, guraso zein garbitzaile, izan udaleko langile edo lehendakari, aurrean jartzen zaiona dena delakoa izan, egiten ari dena utzi eta bere zentzumen guztiak martxan jartzen ditu pertsona horri laguntzeko. Gainera, baliabide infinituko pertsona da, eta beti du soluzio posiblea, edo hori bilatzeko bidea topatzen dakiena. Eta guzti hori gutxi balitz, maitakorretan maitakorrena da, atxutxoiak eman eta jasotzeko beti prest dagoena, eta esaldiak beti kariño hitzarekin hasten dituena. Luxu eta plazer bat izan da Fleming Herri Eskolan Jexux kide izatea. Irakasle lehenik eta ondoren zuzendari. Miloika lanbide izan ondoren bizitzak zegokion tokian jubilatzera eraman du. Eskola bat, gizartearen zati ttiki-ttiki bat da, mundu propio ttiki bat duena, pertsona askoren elkargunea. Eskola bat hazten eta garatzen ari diren pertsonatxoen gunea da, zer hobea ibilbide horretako bidelagunen gidaria bihotzetik aritzen den norbait izatea? Maitasunaren eta lider on baten eredu. Jexux, bihotzez, esker aunitz!".

Esker aunitz, Jexux!

Olatz Urraca Alberdi Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz harro! taldeko kidea da:

"2022ko abenduan sortu genuen taldea, Aiztondo bailarako sare publikoa indartzeko, eta sorrerako une horretatik bertatik izan dugu Jexux Quesadaren babesa.

Bere jubilazioa ospatzeko bazkariak mahai beraren inguruan eseri ditu familiak, familia ohiak, irakasleak, irakasle ohiak, hezkuntza arloko langileak, herritarrak eta kolore politiko desberdinetako ordezkariak. Jende hain anitza batzeko dohain hori Jexuxen izaera garbiari, zuzenari eta giza-balio handiei 
esker lortu da. 
Eskualdean utzitako haziak loratzen jarraituko du, borroka guztiona dela erakutsi digulako: gurasoena, langileena eta herritarrena. 

Esker aunitz, Jexux, beti euskal eskola publikoaren alde sutsu borrokatzeagatik!".

Omenaldi sentitua

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!