Arrakastari eusten dio “Ongi etorri baserrira” ekimenak. ENBa sindikatuaren ekimena 11. ediziora iritsi da eta aurreko astebururako zabaldutako eskaintza ia guztietan agortu ziren sarrerak.
“Gure jakien jatorria berraurkitzeko eta, beren ingurune naturalean, mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezinhobea” da ENBA sindikatuak antolatzen duen ekimena. Uztailaren 3an eta 4ean Gipuzkoa eta Bizkaiko baserritarrek euren baserrietako ateak zabaldu zituzte beren ikuiluak, baratzeak eta landaguneak ezagutzera emateko. Nekazal sindikatuaren hitzetan, “ekimena bertako elikagaien aldeko apustu garbia da, landaguneari balioa emateko, bertako turismoa sustatzeko eta, nola ez, gure gastronomia goratzeko”. Familian edo lagunartean egiteko aukera aparta da. Hona inguratzen diren turistak ez dira gutxi izaten abaina, bestalde, askotxo dira inguruko herrietatik bisitaldian abiatzen diren familiak.
Urnietan, aurten ere, bi aukera izan dituzte bisitariek. Lategi auzoko Eulan sagastiak eta sagardotegiaren ekoizpena ezagutu ahal izan da. Sagardoak indarra baldin badauka, Beterri-Buruntza eskualdean da hori. Bisitarien begietara bogan dago euskal sagardoa.
Eta, bestalde, Goiburun, Adarrazpi baserriko ardiak ezagutu eta bertan egiten duten gaztaren eta mamiaren berri izan zuten. Izan ere, Idiazabalgo gazta egiten dute Adarrazpi gaztandegian. Markak edo zigiluak interes handia pizten du, bereziki, kanpoko bisitarien artean.
Ekimena, bestalde, baliagarria da bertako biztanleentzat. Hala, ENBA sindikatuaren ekimenaren bidez, Gipuzkoako eta Bizkaiko baserri eta ustiapen ugari ezagutzeko aukera dago. Eskaintza zabala da: Aralarren Buruntzuzingo borda, Tolosaldean Balerdipeko Erleak, Goierrin Oiarbi-Saletxe baserria...