Adi Irun eta Hernani arteko tarteari
Uztailaren 25etik urriaren 18ra bitarte, tren zirkulazioa etenda egongo da Irun eta Hernani arteko geltokien artean.
Uda amaieran soilik berreskuratuko da sare osoan trenen zirkulazioa: irailaren 7tik urriaren 16ra, astelehenetik ostiralera, goizaldeko 04:30etik arratsaldeko 17:30era.
Gainera, uztailaren 25ean eta 26an, Adifen lanak direla eta, tren trafikoa eten egingo da Beasain eta Brinkola artean.
Aldirietako trenak
Uztailaren 25ean eta 26an, Donostiako Aldirietako trenak Hernani eta Beasain artean baino ez dira ibiliko, bi noranzkoetan. Gainerako ibilbidea errepidez egingo da: autobusak jarriko dira Irun eta Hernani artean, baita Beasain eta Brinkola artean ere.
Uztailaren 27tik urriaren 18ra bitartean, tren zerbitzua etenda egongo da Irun eta Hernani artean. Epe horretan, Renfek ordezko autobus zerbitzua eskainiko du bi geltokien artean, bi noranzkoetan. Autobusek geldialdiak egingo dituzte honako geltokietan: Hernani, Donostia, Gros, Ategorrieta, Intxaurrondo, Herrera, Pasaia, Lezo-Errenteria, Irun Bentak eta Irun.
Distantzia Ertaineko trenak
Distantzia Ertaineko trenek Irun eta Andoain arteko ibilbidea errepidez egingo dute honako aldi hauetan: uztailaren 27tik abuztuaren 14ra, abuztuaren 20tik 28ra eta irailaren 3tik urriaren 18ra.
Distantzia Luzeko trenak
Uztailaren 25etik urriaren 19ra bitartean, Gipuzkoa eta Madril lotzen dituzten trenek Irun eta Tolosa edo Irun eta Gasteiz arteko zatia autobusez egingo dute, bi noranzkoetan, azpiegituraren egoeraren arabera. Autobusek dagokien tarteko geltokietan egingo dituzte geldialdiak, hala nola Donostian, Tolosan edo Zumarragan, lanen fasearen arabera.
Bestalde, Donostia eta Bartzelona lotzen dituzten zerbitzuek Donostia eta Tolosa edo Iruñea artean egingo dute autobus bidezko transbordoa, azpiegituraren egoeraren arabera.
Tren batzuek ordutegietan aldaketa txikiak izan ditzakete, errepide bidezko transbordoak egokitzeko. Ordutegiak Renferen webgunean eta bidaiarientzako ohiko informazio kanaletan kontsulta daitezke.
Andoaingo geltokia berritzeko lanak
Aste honetan, Renfek jakinarazi du Andoaingo Erdialdeko Aldirietako geltokian irisgarritasuna hobetzeko eta sarbide kontrolak ezartzeko lanak egingo dituela. Jarduketaren gehieneko adjudikazio zenbatekoa 2.452.576,73 eurokoa da.
Prentsa oharraren arabera, lanek nasa, sarbide eta instalazio teknikoen berritze integrala ahalbidetuko dute. Horrez gain, geltokiaren irisgarritasuna, segurtasuna eta sarbideen kontrola indartuko dituzte.
Obren barruan, bidaiarientzako informazio sistema berriak, telekomunikazioak, megafonia, bideozaintza sistemak, argiztapena eta seinaleztapena ere berrituko dira.