Milaka bisitari izango ditu Hernio inguruak iraileko igandetan. Izan ere, erromeriak ospatuko baitira Zelatunen, igandero-igandero eta jende asko gerturatu ohi da jai-giro horrek erakarrita. Lurpea Garbi elkarteak ekimen berezia izango du martxan egun horietan; auzolanean, Hernio eta Gazumeko txoko ezberdinak garbitzen arituko dira.
Ingurune karstikoa da Hernio-Gazume. Kobazulo eta zulo asko daude bertan eta inguruko herri askotako herritarrek gain horietan sortzen den ura edaten dute. Lurpea Garbi elkarteko kide den Uxue Lasak azaldu duenez, "garrantzitsua da inguru hori garbi mantentzea. Natur balio handiko gunea osatzen dute Hernio-Gazumek eta eremu babestua da. Zenbait espezie bereziren bizitokia da. Kobazulo asko dago eta horietan bizi den faunan ere aberatsa da ingurua. Esaterako, saguzahar espezie ezberdinak aurki daitezke inguruan. Horrez gain, herri askotan kontsumitzen den ura Hernio inguruan sortutakoa da". Pisuzko arrazoi asko dago, beraz, Hernio-Gazume ingurua garbi mantentzeko ahalegina egiteko. Irailaren 6, 13, 20 eta 27an egingo dituzte zabor-bilketa saioak, auzolanean.
Erromeria eta auzolana
Garbiketa ekimenari ikusgarritasuna emateko, iraileko igandeak aukeratu dituzte Lurpea Garbi elkarteko kideek. "Festa giro horretan, probetxuzko lana egin nahi dugu. Jende asko ibiliko da Hernio inguruan eta auzolanean ari direnen lana ikusiko dute". Auzolan saio gehiago ere antolatzen dute urtean zehar eta, "jendea harritu egiten da mendian biltzen den zabor pilarekin. Iraileko saio hauen helburu nagusia horixe da; garbiketa lanak egitearekin batera, ekimenari ikusgarritasuna ematea".
10:00etan hasita
Irailaren 6an egingo dute lehen saioa, Zelatundik bertatik hasita. "Goizeko 10:00etan geratuko gara eta talde txikitan, inguruko txoko ezberdinak miatzen eta garbitzen hasiko gara. Haizeak eramandako zikinkeriak, aulkiak, bidoiak, botilak..., horrelakoak espero ditugu lehen egun horretarako". Datozen hiru igandetan berriz, Andazarraten jarri dute hitzordua eta handik abiatuko dira. Goizeko saioak izango dira.
Materiala, elkartearen esku
Talde txikitan banatuta egingo dute lan. Lurpea Garbi elkarteak jarriko du garbiketarako beharrezkoa izango duten materiala; "eskularruak, zakuak... horiek guk eramango ditugu eta hamaiketakoa ere banatuko diegu auzolanean parte hartuko dutenei. Bolondresek euren aldetik eskulana jarriko dute. Bakoitzak bere erritmoan egingo du lan, noski, eta haurrekin gerturatu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Ez da behar inolako prestakuntza berezirik".
Leize baten garbiketa
Irailaren 20rako hitzordu berezia prestatu dute, izan ere, Garbiketen Nazioarteko Eguna ospatuko baita egun horretan. Eguna aprobetxatuz, Sagain inguruan dagoen zulo bat garbitzen arituko dira. "Egun horretan, espeleologo talde baten laguntza izango dugu. Haiek sartuko dira leizera, garbiketa lanak behar bezala egitera. Lan arriskutsuagoa da hori, eta ezingo du edonork sartu". Uxue Lasak azaldu duenez, ordea, bolondresen lana ere ongi-etorria izango da egun horretan: "Izan ere, kobazulotik ateratzen joango diren zaborra behar bezala sailkatu beharko da, kudeaketa egokia egin ahal izateko".
Izen-ematea
Dagoeneko zabalik dago auzolan saio horietan izena emateko epea; lurpeagarbi@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar horretarako. "Urtean zehar antolatzen ditugun ekimenetan parte hartzeko prest izaten direnekin zerrendatxoa osatuta dugu eta haiek dagoeneko jaso dute gonbidapena. Horrez gain, deialdi irekia ere zabalduta dago eta parte hartu nahi duten guztiak ongi-etorriak izango dira. Izen-ematea egitea erabaki dugu, eraman beharreko material kopurua eta hamaiketakoaren kalkulua egin ahal izateko. Hala ere, izenik eman gabe lan horietan parte hartzeko gogoz dagoen norbait gerturatzen bada ere ongi-etorria izango da, noski. Lanerako gogoa eta ahal den neurrian laguntzeko borondatea jendea elkartu nahi dugu iraileko saio horietan", azaldu du Uxue Lasak.
Irailean egindako lanak ongi dokumentatuko dituzte elkarteko kideek. "Puntu sakabanatuetan barrena arituko gara lanean eta bildutako guztiaren argazkiak ateratzen saiatuko gara, egindako lana ondo jasota gera dadin". Jasotako zabor guzti horren kudeaketa bideratu ahal izateko, Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du elkarteak.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 698 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.