Azken hilabeteak gorabeheratsuak izan dira euskararentzat. Unibertsitatean sartzeko Probak eztabaida handia piztu du, baita enplegu publikoko lan-eskaintzei buruzko hainbat ebazpenek ere. Horren guztiaren gainetik, Buruntzaldeko zortzi euskaltegiek euskaraz trebatzeko aukera zabala eskainiko dute aurten ere. Bina euskaltegi daude Lasarte-Orian eta Hernanin, eta bana Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen.
Ikasle kopuruari erreparatuta, aurreko ikasturtean, 951 lagunek eman zuten izena Buruntzaldeko euskaltegietan: A0 eta A2 mailen artean, 301ek; B1 eta B2 mailetan, 305ek; eta C1 eta C2 mailetan, 345ek.
Eskaintza zabala
HEOCek (Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak) hiru multzotan banatzen ditu euskalduntzearen mailak. A0 eta A2 arteko mailek oinarrizko erabiltzailearen gaitasuna lortzea dute helburu, eta modu sinple baina egokian hitz egitea eta eguneroko elkarreraginetan euskara erabiltzeko gaitasuna eskuratzea. B1 eta B2 mailetan erabiltzaile independentea izatea da xedea. Ohiko gaiak eta egoerak ulertzeko eta horietan jarduteko trebetasuna lantzen da. B1 mailak eguneroko egoeretan euskaraz autonomiaz moldatzeko gaitasuna ematen du; B2 maila, berriz, gaur egun Batxilergoa amaitzean lortzen duten hizkuntza-mailaren baliokidea da.
C1 eta C2 mailetan, helburua da eremu pertsonal, publiko nahiz profesionalean era guztietako informazioa modu landu eta egokian trukatzeko gaitasuna eskuratzea. C1 maila lehengo EGA titulazioaren baliokidea da; C2, berriz, euskararen gaitasun-mailarik gorena.
Ordutegiak, ikasleen beharretara egokituta
Euskaltegietako ikasleek goizez nahiz arratsaldez ikasteko aukera izango dute. Ordutegiak euskaltegi bakoitzak zehazten ditu, eta ikasleen beharretara egokitzen saiatzen dira, ordutegia oztopo izan ez dadin. Ikasketak aurrez aurre egin ahal izango dira, baina autoikaskuntzako modalitatea ere izango da aukeran, ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako ikasketa-prozesua errazteko.
Dirulaguntzak mantendu dituzte
Euskara ikastea sustatzeko, Buruntzaldeko udalek oztopo ekonomikoak murriztu nahi dituzte, eta, horretarako, dirulaguntzak ematen segituko dute ikasturte berriari begira. Udalek dirulaguntzak eskaintzen dituzte baina HABEk ere badu laguntza sistema propioa, eta biak ala biak bateragarriak izan daitezke. HABEk esate baterako, matrikularen kostua berreskuratzeko dirulaguntzak eskaintzen dizkie, maila gainditu edo egiaztatu eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleei.
Tokian Tokiko laguntzak
Buruntzaldeko udal guztiek araututa dituzte euskara ikasteko dirulaguntzak. Udalerri bakoitzaren deialdiak bere ezaugarriak baditu ere, laguntza-lerroek antzeko irizpideak dituzte.
2024-2025 ikasturtean, eskualdeko udalek 207.033 euro banatu zituzten guztira, 591 ikasleren artean. Udalek eskaintzen dituzten diru-laguntzak eta HABEk eskaintzen dituenak bateragarriak dira.
Dirulaguntzen baldintza eta epeei buruzko informazio zehatza udal bakoitzaren webgunean edo herritarren arreta zerbitzuan kontsulta daiteke.
'Euskara Bonua'
Euskara Bonuak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu. Oraingo ereduarekin, adibidez, euskara ikastearen kostua 2.100 eurora iritsi daiteke; Euskara Bonuarekin, berriz, 120 eurora jaistea aurreikusten da. Horrek %95eko aurrezpena ekarriko luke, eta, gainera, ikasleek autonomia eta malgutasun handiagoa izango lukete ikasketa-prozesua antolatzeko.
Eredu berriaren arabera, hasieran ordainketa bakarra egitea nahikoa izango litzateke, eta bonuak lau urtez ikasteko aukera emango luke. Dena den, proposamena behin-behinekoa da oraindik, Gobernu Kontseiluak onartu arte ez baita behin betikoa izango. Aurreikuspenak betez gero, ikasturte berriarekin batera jarriko dute indarrean.
Helburua ez da ikastaro jakin bat soilik finantzatzea, baizik eta ikasleari euskaraz normaltasunez aritzeko behar duen mailara iritsi arteko ikasketa-prozesu osoa laguntzea.
Izan ere, hori izan da Eusko Jaurlaritzaren azken urteetako lan-ildo nagusietako bat: euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murriztea. Jaurlaritzaren arabera, hartutako neurriek emaitza positiboak izan dituzte. Esaterako, C1 mailan matrikulatutako 16 eta 18 urte bitarteko gazteen kopurua %24,6 hazi da; A1 mailan, %30; eta A2 mailan, %20 inguru.
Bildutako datuen arabera, azken hiru urteetan 100.000 ikaslek baino gehiagok eman dute izena euskaltegietan. Eusko Jaurlaritzaren ustez, datu horiek erakusten dute oztopo ekonomikoak murrizteak gero eta herritar gehiago animatzen dituela euskara ikastera.
Ezarpena progresiboa izango da
Euskara Bonuaren sistema berria pixkanaka jarriko dute martxan. Lehen urratsa 2026-2027 ikasturtean emango dute, eta A1 eta A2 mailak ikasteko aukera eskainiko du. Bestalde, gaur egun A1 eta A2 mailetako laguntzak jasotzen ari diren ikasleak automatikoki sartuko dira Euskara Bonuaren sisteman, eta ez dute berriro matrikula ordaindu beharko.
Euskara Bonua ez da izango laguntza bakarra. Gaur egun indarrean dauden dirulaguntzek ere bere horretan jarraituko dute. HABEk hainbat dirulaguntza eskaintzen ditu.
Horietako bat maila gainditzeagatiko edo egiaztatzeagatiko dirulaguntza da. Ikasleek matrikulatutako maila gainditzen edo egiaztatzen badute, matrikularen kostuaren zati handi bat edo, kasu batzuetan, kostu osoa berreskuratu ahal izango dute. Laguntza hori A1etik C2ra bitarteko edozein mailatan matrikulatutako ikasleek eska dezakete. Hauek dira maila egiaztatuz gero jaso daitezkeen dirulaguntzak:
- A1 maila: 600 euro.
- A2 maila: 800 euro.
- B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
- B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
- C1 maila (1996an edo ondoren jaiotako ikasleentzat): 700 euro.
- C1 maila (1995ean edo lehenago jaiotakoentzat): 150 euro.
- C2 maila: 100 euro.
Horrez gain, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek C1 mailako ikastaroa ia doan egiteko laguntza berezia izango dute. C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleek 0,60 euro orduko matrikula murriztua ordainduko dute.
Atzerritik etorritako herritarrentzat, berriz, AISA programa dago. Programa horren bidez, harrera egiteaz gain, euskarara lehen hurbilketa eskaintzen zaie.
Informazio gehiago nahi dutenek HABEren ebazpenean aurkituko dituzte xehetasunak: habe.euskadi.eus/dirulaguntzak-habe/webhabe00-edukiak/eu/
