Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide diren 32 sagardotegitako ordezkariak izan ziren festaren parte. 2025eko uztak emandakoarekin ekoitzitako 6.000 sagardo botila inguru zerbitzatu zituzten. Eskualdeko ekoizleek ordezkaritza zabala eduki zuten jai-egunean. Horien artean Adunako Aburuza eta Zabala, Andoaingo Gaztañaga eta Mizpiradi, eta Urnietako Altuna eta Oianume sagardotegiek hartu zuten parte.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 kideek 192 produktutik gora ekoizten dituzte: sagardo naturalak, apardunak, ekologikoak, kriantzak, egurrean ondutakoak, gastronomikoak, muztio naturala, bereziak zein Euskal Sagardoa Jatorri Deitura.
Aurtengo edizioan une berezia gorde zuten Hernaniko Rufino sagardotegiko Jabier Ansorena eta Marian Matas omentzeko, 2026an 65 urte bete edota sagardogintza lanak utzi zituzten langileak.
Ekitaldian bertan, antolatzaileek informazio puntu bat jarri zuten bisitariek sagardoaren inguruko irteeren, asteburu pasen zein txangoen informazio sakona eskuratu ahal izateko.
Euskal Sagardoa, eguneko protagonista
Egunean zehar sektoreak ekoiztutako Sagardoak izan ziren protagonista, Euskal Sagardoak eta azken urteetan eragin duen dibertsifikazio guztia. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bederatzigarrena izan zuen 2025ekoa eta uzta hori izan zen jendeak Donostiako Sagardo Egunean dastatu ahal izan zuena. Euskal Sagardo desberdinak dastatzeko aukera egon zen, sagar mota bakarrez eta bi sagar motaz egindakoak, sagasti jakineko sagarrez egindakoak, egurrean ondutakoak, aurreko urteko amaren gainean ondutakoak, eta abar. Horien artean bertako sagar hutsez egindako sagardoek protagonismo berezia hartu zuen.
Topaketa hori sagar-uzta berriaren atarian ospatu ohi dute. Sagardotegi gehienek datozen egunetan hasiko dute ekoizpena, nahiz eta batzuek dagoeneko hasi diren, sagarrak goiz heldu direlako. Iaz ez bezala, euri gutxi egin du, eta horrek fruitu txikiagoak ekarri ditu. Ekoizpena 2025ekoa baino txikiagoa izatea espero dela diote ekimenaren antolatzaileek, nahiz eta eskualde batetik bestera aldeak egongo diren. Sagar-etekinak handienak Arabako zenbait gunetan eta Gipuzkoako Goierri eskualdean espero dira; aldiz, ekoizpen txikiagoa aurreikusten dute Gipuzkoako gainerako eremuetan eta Bizkaian.
Aipagarria da aurtengo denboraldian nabarmen igo dela sagardo dastaketak sagardotegietan egiteko eskaera. Horrekin batera, gainontzeko datuek ere goranzko joera erakutsi dute. Sagardotegietako bisita gidatuen erreserbak %84an hazi dira, online mahai-erreserbak %15ean eta internet bidezko sagardo salmenta %19an. Bertako bezeroek sagardotegietako bisita gidatu laburrak egiteko aukeraketari eutsi diote eta bezero horiek dira otordua egiteko mahaia ere online erreserbatzen duten gehiengoa, % 76. Katalunia da online sagardo gehien erosten duen erkidegoa, erosketen %28a izanik.
Euskal sagardoaren sustapena bultzatzen jarraitzeko, Euskal Sagardoan eta Laboral Kutxak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten.