Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Tolosaldeko bide-segurtasuna hobetzeko eta errepideetako afekzioak murrizteko hiru inbertsio berri onartu ditu. Egitasmo nagusietako bat Zizurkilen kokatzen da: GI-2631 errepideko Olentzoko bidegurutze gatazkatsua ordezkatuko duen biribilgune berri bat eraikiko dute, Zizurkil eta Asteasu arteko komunikazioa zein segurtasuna indartzeko asmoz.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Olentzoko jarduketa horrek 635.661 euroko lizitazio-aurrekontua du eta lanak udazken honetan bertan abiatuko dira, hiru hilabeteko exekuzio-epearekin. Egunero 7.000 ibilgailu inguru igarotzen diren puntu horretan abiadura murriztea eta mugimenduak ordenatzea ditu helburu, herriguneko sarbidea (GI-3281) hobetzeaz gain 29. poligonorako bide-adar zuzena bermatuz. Horrez gain, oinezkoentzako espaloiak, LED argiteria berria eta autobusetarako bi geraleku sortuko dituzte inguruan.
Esku-hartze hau ez da isolatua, Zizurkil eta Asteasu arteko errepidearen gaitasuna handitzeko egitasmo zabalago baten barruan kokatzen baita. Atal honetan, Aldundia lanetan ari da GI-2631 errepidea zabaltzeko proiektuan, eta udazkenean ere hasiko dira Alkizako bidegurutzean (GI-3630) beste biribilgune bat eraikitzeko lanak.