Itzuliaren arrazoiak azaldu dituzte elkarteko kideek:
"2012etik ez zaigu ordaintzen Lan Hitzarmenean ezarrita dagoen jubilazio aurreratuagatiko kalteordaina.
2012an Legebiltzarrak Diru-aurrekontuen Legearen bitartez ETEN egin zuen, ez zuen ezabatu eta indarrean jarraitzen zuen jubilatu ginenean, baina etenda dagoenez ez digute ordaindu nahi. Horrela, praktikan, ETETEa ezabaketa bihurtu nahi dute.
Salatu nahi dugu Lan Hitzarmenaren atal bat bertan behera utzi egin nahi dutela Diru-aurrekontuen Legea erabiliz. Negoziazio kolektiboa bertan behera uzteko modua aurkitu dute eta horrek ziurgabetasunean kokatzen ditu negoziazio kolektiboa zein sindikatuen lana.
Diru-aurrekontuen Legea ezin da Lan Hitzarmena bertan behera uzteko erabili. Horrela jokatzea negoziazio kolektiboaz trufatzea da.
Beste arlo ekonomikoetan aurrejubilazioak sustatzeko indemnizazioa ordaintzen da, izan ere, kalte ekonomikoa suposatzen du aurrejubilatzeak. Gure indemnizazioak lanpostua uzteagatik kalte ekonomikoa ordaintzeko dira, gainontzeko arlo ekonomikoetan egiten den bezala.
Aurrejubilazioei esker Gobernuak diru asko aurreztu du eta langile taldea berritzeko aukera izan du. Gure aurrejubilazioei esker Hezkuntza-birmoldaketa egin dute, baina ez dute ordaindu nahi. Irakasle gazte askok, teoriaz, lan egiteko aukera izan dute. Langilegoa berrizteko eta gaurkotzeko aukera ez ezik, Eusko Jaurlaritzak dirutza aurreztu du, langile berriek ez baitute aintzinatasunagatik ezer jasotzen. Beraz, aurrejubilazioak ez dira zama ekonomikoa Gobernuarentzat.
Egia esan, sindikatuek salatzen duten bezala, Eusko Jaurlaritzak birmoldaketa isila egin du, eta, horri esker, Hezkuntza Publikoko ikasgela kopurua gutxitu eta ikastetxeak batu, Itunpeko ikastetxeak indartuz.
2012.tik borrokan gaude eta Legebiltzarrak bitan adostu zuen ordaintzeko, baina Eusko Jaurlaritzako gobernuan dauden EAJk eta PSEk ez dute bete nahi".