Zelatun, tradizioaren eta belaunaldi berrien erromeria

Iraia Sanchez Arregi

Arantxa Aldalur eta Goretti Aldalur, Antonioren borda aurrean. Iñaki Irulegi eta Ainara Zabala, Agirretxe bordaren atarian.

Zelatungo giro bereziaren atzean, urte askoan zehar lanean aritu diren bordak daude. Goretti Aldalur eta Arantxa Aldalur dira Antonioren bordako kudeatzaileak, Iñaki Irulegi eta Ainara Zabala Agirretxe bordakoak. Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi jarraitutasun horri eusteko dituzten gakoak azaldu dituzte:

Goretti Aldalur

"Hau proiektu familiar bat da hasieratik, eta beharbada zirkulua ixteko balio du"

Arantxa eta Goretti zaudete zerbitzuan, baina aita Antonio eta ama Josefa ere bertan dituzue esku bat botatzeko prest. Nolakoa da belaunaldi arteko elkarlan hau gurasoentzat horren berezia den lekuan?

Lana lana da, ez dauka erromantizismotik ezer ere ez. Baina gurasoek indarra ematen digute eta ekipo bat osatzen dugu. Hemen jaioak gara eta geu gara borda honetaz dakigunak. Baina bizi familiarra ere ukitu digu, ja beste ezertaz ez baitugu hitz egiten [barre artean]. Aitak eta amak 80 urte izanda ere lan asko egiten dute, eta elkarri laguntzen eta babesten aritzen gara. Haien laguntzarik gabe hasiera honetan ezingo genuke aurrera egin.

Duela 22 urte gurasoek alokatu zutenean hutsune bat geratu zen, baina berriro martxa hartzea “ez da hain zaila izan” diozue. Zer oroitzapen etorri zaizkizue burura txikitan sukaldeko lurreko izaretan igarotzen zenituzten ordu haietatik?

Jaio eta hiru hilabeterako ekarri ninduten eta 26 urte izan arte hemen ibiltzen nintzen. Orduan ere oso gogorra zen, goizeko 6:00etan jaikitzen ginen eta hortxe sukaldean koltxoi batean lurrean jartzen gintuzten umeak. 8-10 urtetik hasi eta beti egin izan dugu lan. Haurtzaroa hemen pasa izanak gure izaera asko markatu digu, eta esperientzia hartatik atera gara, eta horregatik hartu dugu berriro. Guretzat esanahi handiko tokia delako eta esanahi handia eman dielako gure biziei. Horrek ez du esan nahi gogorra ez denik. Hau gure etxea izan da, aita kamioilaria zenez etxetik kanpo igarotzen zuen astea, eta, beraz, hau izaten zen etxekoen topagunea.

Zelatunen ez dago argindar-sarerik, ez ur korronterik, ez internetik. Nola kudeatzen dituzue sorgailuak, gasoila, ur-ponpak eta gas-bonbonak ehunka lagun batera heltzen diren igande hauetan?

Aldaketa klimatikoa honaino iritsi zaigu, euririk ez badu egiten ura bukatzen zaigu, eta hala bada, komunak itxi egin behar izango ditugu. Aurten aurreneko aldiz ura zisternan ekarri behar izan dugu. Urarekin sekula ez dugu arazorik izan, eta hainbeste jende ibilita urik gabe geratu ginen. Butanoak eta gasolina ere ekarri behar izaten ditugu. Lan astuna izaten da bonbonak eta gasolina honaino ekarri behar izatea. 

Iñaki Irulegi eta Ainara Zabala

Abuztuaren 29an San Joan Txiki egunarekin ematen zaio hasiera festari, eta iraileko lau igandetan trikitilari zein bertsolari gailenak biltzen dira Zelatunen. 

Nolako giroa sumatzen da sukaldean eta kanpoaldean erromeria egun handi hauetan?

Giro handia. San Juan Txiki erromeria lehen Zelatunen egiten zen erromeria bat da, gero Zelatunen galdu egin zen eta Iturriozera jaitsi zen. Han ere galdu egin zen eta duela 16 urte berriro hemen berreskuratu den jai bat da. Iraileko igandeetan etortzen denetik jende desberdina etortzen da San Juan Txikira, gehien bat jende heldua, iraileko festetara oinez igo ezin dutenak eta baserri inguruetako jendea.

Antonioren borda hilabete batzuetan itxita egon denean, Agirretxe izan zen mendizale eta bisitari guztiei aterpea zein jana ematen aritu zen bakarra. Nola kudeatu zenuten karga gehigarri hori mendi gainean?

Ahal zen moduan. Egia da jende asko ibili dela itxita egon den denboran, baina nik uste dut ondo kudeatu dugula. Lanerako jendea bageunden eta etortzen zenari behar zuena eman diogu. Orain, beste txabola irekita, denok lasaiago gabiltza. Mendira etortzen denarentzat bietako bat gutxienez irekita egotea gauza ederra da. 

Zuen ustez, zer dauka Zelatunek eta bertako erromeriak belaunaldiz belaunaldi jendea urtero-urtero hona erakartzeko?

Hau aspalditik datorren ohitura da, eta adinekoak uzten doazen heinean, gazteak ari dira ohitura hartzen. Gaur egun egia da gazte asko aritzen dela mendian korrika, eta orain irailean hemen festa egonda gustura etortzen dira. Hori lagun artean zabaltzen joaten da kuadrilla asko erakarriz. 

Egunkariek, irratiek ere ahotsa ematen diete. Gainera, esan dezagun pandemiaren ostean mendizaletasuna asko igo dela, ez Hernion bakarrik. Gazteak ere kirola egiten gehiago hasi dira. Eta gero, xarma, aurrena mendian izerdi batzuk bota eta gero salda bat hartzea bezalakorik ez dago. Eta erromerietan ahal baldin bada bikotekidea bilatu. Bilatutakoak badira eta, bat behintzat ezagutzen dut hemengo ligoteoarekin baiezkoa eman eta ezkondu zirenak [barre artean].

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 699 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!