ADUR TAPIA, ORIOKO ARRAUNLARIA

Denboraldia amaitu berri duzue eta borobila joan da Oriorentzat. Egingo al zenuke laburpen bat?
Aurreko denboraldia bikain amaitu zen taldearentzat, oso emaitza onekin. Pertsonalki, sorbaldako ebakuntza izan nuen atsedeneko hilabeteetan eta ohi baino beranduxeago hasi nuen denboraldi berria. Urtarrila erdialdera hasi nintzen uretara ateratzen. Arraunean, negua gogorra izaten da; entrenamentuz jositako sasoia da. Oriok oso negu ona egin zuela esango nuke. Ontzi txikiagoekin ere lehiatu ginen neguan. Bateletan, Euskadi eta Espainiako txapelketak irabazi zituen taldeak. Trainerilletan ere lehiatu ginen. Iker Zabalak nahi izaten du talde osoak trainerilletan lehiatzea, eta hiru ontzi osatu genituen. Txalupa indartsuena ligan atera zen eta beste biak kopan. Hiru ontziek oso maila ona eman genuen. Lehen txalupak guzti-guztia irabazi zuen ligan eta beste bi ontzien artean lehia estua izan genuen kopan zehar. Taldea dinamika onean zihoala nabaritzen zen.
Jaitsierak ere jokatzen dira neguan. Orioko jaitsiera, Astillerokoa, Castrokoa eta neguko estropadetan garrantzitsuena den San Pedroko test-a ere jokatu genituen. San Pedrokoan ihes egin zigun banderak eta Donostiarra gailendu zitzaigun.
Uda aldean hasten duzue traineru denboraldia...
Txapelketekin ekin genion eta aurten, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiakoa irabaztea lortu genuen. Txapelketak amaituta, Ligari ekin genion, Madriden. Estropada hura irabazita, bide onetik hasi genuen liga. Ondoren, Bilbon bigarren egin genuen eta Castron ere ez zitzaigun estropada ona atera. Kanpotik zalantzak sortzen hasi ziren, baina guk garbi genuen gure lana zein zen eta bide onetik jarraitu genuen. Ligako lidertza hartu genuen eta horri eutsi diogu denboraldia amaitu arte. Jarraian irabazitako estropada kopuruaren marka hautsi dugu, hamazazpi garaipenekin. Lortutako bandera kopuruarekin ere marka berria jarri dugu denboraldi honetan, hamasei banderarekin.
Guztira hamasei bandera, eta Kontxako bandera nabarmentzen da guztien artean...
Denboraldiko banderarik garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Han bizitzen denak ez dauka parekorik, oso ezberdina da. Sailkatze estropada jokatzen da aurretik, eta Ligako lider izanda ere, gauzak oso ondo egin behar dira han. Ligako liderra kanpoan geratu izan da.
Sailkatze estropadan ez nuen parte hartu, baina bai bi igandetan. Lehen jardunaldian Donostiarra, Getaria eta Ondarrurekin egin genuen arraun. Donostiarrarekin lehia bizi izan genuen, bateratsu joan ginen. Amaieran, hiru segunduko errentatxoa lortu genuen. Gutxi dela esango dute batzuk, baina aukeran, hobe alde edukitzea, kontra baino. Bigarren txandakoek euren lana amaitu arte, kezka eta urduritasun momentuak bizitzen dira. Zierbenak irabazi zuen bigarren txanda, baina guregandik 11 segundura.
Astean zehar lan txukuna egiten jarraitu genuen; aste borobila izan zen. Bigarren iganderako, aldaketa bat izan genuen ontzian. Leandro Salvaño uruguaiarrak bere herrialdeko selekzioarekin joan behar izan zuen eta Ibai Gonzalez nafarra sartu zen ontzian. Gure lana ondo atera genuen bigarren igandean. Ziabogara iristerako aurretik jarri ginen eta itzuleran, gure estropada egin genuen.
Nola bizitu zenuten Kontxako bi igandeen arteko aste hori?
Astelehen eta asteartean uretako entrenamentua egin genuen, ohi dugun bezala. Asteazkenean jai egin genuen, ostegunean Donostian egin genuen saioa eta ostiralean, Orioko herriak harrera egin zigun. Bertako gazteek sekulako lana hartu zuten Mirotza eta Benito Lertxundiren irudia zeraman oihal handi bat sortuz. Emozio handia ematen du ekitaldi horrek, herria zurekin dagoela sentiarazten dizute eta, lanean jarraitzeko gogoa ematen dizu.
Larunbatean, azken ukituak ematen zaizkio estropadari, aktibazio txiki bat eginez.
Igandean, goizean goiz jaiki, eta Orion elkartzen gara arraunlariak. Autobusean, denok elkarrekin joaten gara Donostiara eta oso hunkigarria izaten da. Giro berezia egoten da, bigarren igandean gehienbat. Herritarrak bide ertzetan egoten dira autobusa agurtzeko, txaloka. Orion ikaragarri bizitzen da arrauna eta berotasun handia ematen dute.
Zer sentitzen da Kontxako estropada irabazita?
Emozio handia eta, baita lasaitasuna ere. Denboraldi osoan ondo ibilita ere, Kontxa ez bagenu irabazi izan, denboraldiari puska handi bat faltako litzaioke. Ligako ontzi hoberena izaten jarraituko genuke, baina Kontxa berezia da. Arraunlari guztiok amesten dugu Kontxa irabaztearekin.
Gaztea zara oraindik, baina Kontxako bi bandera lortu dituzu dagoeneko...
Zaila da sentitzen dena deskribatzen. Etxekoentzat ere ez da erraza; egunero entrenatzera joan, oporretara ezin atera, lagunekin edo bikotearekin planak egitea zaildu egiten da... gauza asko baldintzatzen ditu arraunak. Eta irabazteko aukera ez da beti egoten. Azken bi urtetan aukera hori izan dugu eta denontzat pozgarria izan da.
IHINTZA EIZAGIRRE, TOLOSALDEKO ARRAUNLARIA

Arraunlari berri askorekin hasi zenuten denboraldia eta, hala ere, bigarren postua lortu duzue Ligan. Egingo al diguzu denboraldiaren laburpentxo bat?
Hamabi baja izan ziren iazko denboraldi amaieran. Hori estaltzeko, harrobiko zenbait arraunlari sartu gara denboraldi berrian eta, fitxaketa batzuk ere egin ditu taldeak. Guretzat dena berria zen, eta ikasten eta egokitzen zentratu gara gehienbat. Guk baino esperientzia gehiago dutenek esan dutenez, espero baino emaitza hobeak atera dira. Arraun Kirolak beste maila batean dago, baina hain talde gaztea eta berria izanda, oso gustora gaude lortutako emaitzekin eta egindako denboraldiarekin.
Noiz hasi zinen arraun munduan murgiltzen eta zer moduz joan da trainerarako moldaketa?
Hamabi urterekin hasi nintzen bateletan lehiatzen, Tolosaldean. Gehientsuenok adin horretan hasten gara. Aitak eta aitonak zaletasuna dute eta etxean asko ikusi dugun kirola izan da arrauna. Taldeko kirol bat probatu nahi nuen, eta arraunean hasita, hortxe geratu nintzen. Asteasun, Larraulen, badira arraunean dabiltzan gazte gehiago. Probatzen dugunok, jarraitu egiten dugu.
Traineren mundua barrutik ezagutzea egokitu zait orain eta, estribor bandan arraun egitetik, baborrean aritzera pasa naiz. Etorkizunera begira, ondo etorriko zait bietan jakitea.
Taldea ondo moldatu da. Oso giro polita daukagu; denok euskaldunak gara eta erraz bilatu dugu gure lekua. Entrenamentuetatik kanpora ere asko egon gara elkarrekin. Adiskidetasun horri esker taldea egonkortu egin da, eta datorren denboraldiari begira, taldea egina dago.
Trainera barruko lehen estropadan, zein izan zen zure sentsazioa?
Tentsioa azpimarratuko nuke. Oraindik asko neukan ikasteko, entrenamendu gutxi eginda... handi xamar geratzen zitzaidan. Hortzak estutu, esaten zutena egin, eta aurrera. Azpimarratu beharra dago urte gehiagoko esperientzia duten horiek erreferentzia bikaina izan direla guretzat. Haiei begiratuta, bagenekien zer zuzendu behar genuen. Lehen estropadak jaitsierak izan ziren eta niretzat, Santurtzikoa izan zen trainera barruko lehen esperientzia.
Kirol gogorra aukeratu zenuen...
Negua luze eta gogor joaten da, bai. Niretzat lehen denboraldia izan da, eta hasiberriaren ilusio horrekin ez zait hain gogorra egin. Ikusiko dugu datozen urteetan zer moduz eramaten dugun hori. Ikasketekin, lanarekin... bateratu behar izaten da arrauna eta ordu asko eskaini behar zaizkio. Egunero 3-4 ordu kentzen dizkigute entrenamenduek eta urte sasoi batzuetan oso estu ibiltzea egokitzen da. Loa ere galerazten digu tarteka, nekea pilatzen joaten delako. Nik, hala ere, nahiko ondo daramat arlo hori. Nolanahi ere, uda iristean egindako lan guzti horrek zentzua hartzen du eta hurrengo urtean jarraitzeko gogoa pizten du.
Nola bideratzen duzue denboraldia?
Kontxara ahalik eta indartsuen iristea da prestaketaren helburu nagusia. Aurten ez dugu erabat asmatu horretan eta gure punturik onena Kontxaren aurretik harrapatu genuen. Freskotasun pixka bat falta izan genuen Kontxan.
Ekaina bitartean astean hirutan ateratzen gara uretara eta hortik aurrera luzatzen hasten gara uretako saioak, astean bost saio egitera iritsi arte. Asteburuetan estropadak daudela jakinda, aste guztiak berditsuak izaten dira. Asteartetan jai egiten dugu, gainerako egunetan prestakuntzan aritzen gara.
Kontxa aipatu duzu. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Ikaragarri polita. Arraunlari guztiok amesten dugu Kontxa irabaztearekin. Emozio handiak bizitzen dira han. Urte osoko motibazio nagusia Kontxako estropada izaten da, horixe izaten da gure motorra.
Sailkapen estropada jokatzeko aukera izan nuen nik. Urduri nengoen, hutsik egin gabe sailkatzea lortu behar genuelako, baina ez nintzen erabat konsziente. Uste nuena baino azkarrago pasa zitzaidan dena. Bi igandetan, kanpotik ikusi nuen estropada. Han egonda, irabaztea edo postu ona lortzea zen helburua, baina baita gozatzea ere. Hirugarren postuan geratu ginen azkenean. Geroz eta estuago dago guztia; maila igotzen ari da eta zaildu egin da Kontxako garaipena. Datorren urtean berriz ere saiatuko gara, ea bandera astintzea lortzen dugun.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 700 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.