"Egungo egoerak mugimendua eta borroka eskatzen ditu"

Iraia Sanchez Arregi

Gazte Koordinadora Sozialistako militanteak. Aurrealdean Irati Mendizabal eta Bittor Hernandez.

Urriaren 9tik 12ra Elizondon egingo da Gazte Topagune Sozialista, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatuta. Aurtengo edizioaren berri eman digute. Irati Mendizabalek eta Bittor Hernandezek hartu dute hitza: 

Zer da Topagune Sozialista eta zein helbururekin antolatzen duzue? 

Bittor Hernandez: Gazte Topagune Sozialista kezka politiko ezberdinak dituen gazte oro elkartzeko momentua edo espazioa da. Horregatik, egun horietan aukera eskaini nahi da egungo testuinguruaz hitz egin eta eztabaidatzeko, gako politikoak lantzeko, eta, orokorrean, hausnarketari espazio bat emateko.

Gainera, kezka politikoak ditugunon artean elkartu eta komunitate politiko hori zabaldu eta sendotzen jarraitzeko aukera ere bada. 

Aurtengoa seigarren edizioa duzue, nolako garapena egon da aurrenekoz 2019an Azpeitian antolatu zenuten Topagune hartatik?

Irati Mendizabal: Lehen topagune hori gaur egun Mugimendu Sozialista den horren hastapenetan eman zen, eta jakinekoa da geroztik mugimendua eta bere antolakundeak asko handitu garela Euskal Herrian. Hortaz, Topagune bat antolatzeko gaitasunak ere murritzagoak ziren. Garai hortan, espazio faltari erantzuteko asmoz, Topagune osoa Mugimendu Sozialistak lortu zuen espazio berri bat atontzera bideratu zen. Orain, ordea, indarrak bestelakoak dira eta militantziaren indarretik tiraka, topagune handi bat egiteko gai gara.

Zer jasoko du bertara joaten denak? Zein motatako jarduerak eskainiko dituzue?

I.M.: Egitaraua ikusi duenak badaki denetarik dagoela. Esan bezala, eztabaidatu eta formatzeko aukera ederra eskaintzen du Topaguneak. Baina, hortaz harago, eskaintza kulturalaz eta aisiaz gozatzeko aukera ere egongo da, esaterako: antzerkia, kirol edo umore ikuskizunak eta hainbat eta hainbat musikari.

Egitarauan egunero eskainiko dituzuen hitzaldiei eman diezue zentraltasuna. Formakuntzak, beraz, garrantzia berezia du zuentzat.

B.H.: Noski! Topagunea bera hitzaldi eta formakuntzen baitan antolatzen da, lehentasuna ematen diogu jendea horietara bertaratzeari. Zentzu horretan, hitzaldiek gaur egungo egoeraz eta gai korapilatsuez jardungo dute: etxebizitzaren problematika, sexu-industria, krisi ekologikoa, nazio auzia, ildo komunista eta taktika antifaxista, emakume auzia edota estatuen joera autoritarioa. Bestalde, aldarri politikoek ere garrantzia nabarmena izango dute. Urriaren 11n, arratsaldeko 17:30ean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka eta sozialismoaren alde  Elizondoko kaleak hartuko ditugu.

Borrokarako deia erdigunean darabilzue. Sozialismoaren alde antolatzen zaretenentzat indargune bat dela esango al zenukete?

I.M.: Jakina. Aipatu dugun testuinguru horri borrokaz soilik erantzun diezaiokegu, ez dago besterik. Apatia eta desmobilizazio garaiotan, baldintza ekonomiko eta politikoak kentzen ari zaizkigu, eta horren aurka altxatzea beharrezkoa da. Gaitasunak irabazten joan behar dugu modu independentean antolatu eta dagokiguna borrokatzen hasteko.

Bertara animatzen denak non eskura ditzake sarrerak? Eta hara elkarrekin joateko eskualdean hitzordurik edo antolatu duzue?

B.H.: Modu errazena GKSko web orrian sartzea da, eta bertan hainbat aukera eskaintzen dira Topagunera bertaratzeko. Gainera, guztiok modu antolatuan joateko aukera eskainiko dugu, izan autobusean edo kotxeetan. Nolanahi ere, edozein zalantza izanez gero, GKSko edo IASeko militanteekin ere harremanetan jar zaitezkete.

 

Topaguneko hitzaldiak

Urriak 9, ostirala: 

1. Solasaldia: artea eta sozialismoa.

2. Materialismo historikoa. Militantzia politikoa eta ezkerkeria.

Urriak 10, larunbata:

1. Etxebizitzaren problematika eta sozialismoaren aukerak.

2. Sexu industria: prostituzioa eta sexualitatearen aurpegi berriak.

3. Krisi ekologikoa eta taktika sozialista.

4. Ildo komunista eta taktika antifaxista.

5. Nazio auziaz: teoria marxista eta egungo eztabaidak.

Urriak 11, igandea: 

1. Krisia eta estatuen autoritarismoaren gorakada: analisia eta Mugimendu Sozialistaren erronkak.

2. Gazte antolakunde sozialisten mahai-ingurua.

Manifestazioa

Ekitaldi Politikoa.

Urriak 12, astelehena:

Hitzartze politikoa.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 700 hamaboskarian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!