[Babestutako edukia]

Ezberdintasunak aurkituz, Kutxa Fundazioaren eragina ezagutzeko aukera

Kutxa Fundazioak ekimen interaktibo bat jarri du abian, "herritarrei Gipuzkoan duten jardueraren inpaktua hurbiltzeko eta lurraldearen garapen kultural, hezitzaile eta sozialari egiten dioten ekarpena modu nabarmenean erakusteko".

Aurkitu desberdintasunak formatu ezagunean inspiratutako joko digitala aurkeztu du Kutxa Fundazioak. Horren bitartez, erakutsi gura du nola milaka pertsonaren eguneroko bizitzaren parte diren ekimen eta espazio ugariren atzean dagoen fundazioa bera, nahiz eta haren ekarpena ez den beti lehen begiratuan ikusgarri gertatzen.

Jokoaren funtzionamenduari dagokionez, hainbat erronkaren bidez, parte-hartzaileek haien ingurunean ezberdintasuna markatzen duten elementuak identifikatu beharko dituzte. Aldi berean, Kutxa Fundazioak Gipuzkoan uzten duen aztarnaren adibide zehatzak aurkitu beharko dituzte. "Pizgarri gisa, esperientzia osatzen dutenek bi lagunentzako Michelin esperientzia gastronomiko baten zozketan parte hartu ahal izango dute", adierazi dute.

Esperientzia jakin-minean oinarritzen dela nabarmendu dute, "parte-hartzearen eragile den aldetik", eta parte-hartzaileak memoria digital interaktibo batera eramaten dituela gaineratu dute. "Memoria horretan, fundazioaren eraginari buruzko datu nagusiak jasotzen dira, eta zifra eta adibide errealen bidez erakusten da haren jarduerak ezagutza sortzen, kulturarako sarbidea zabaltzen eta gipuzkoarrentzako aukerak sustatzen laguntzen duela".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!