Beterri-Aiztondo osora zabaldu da Gau Beltza

Iraia Sanchez Arregi

Zizurkilgo gaztetxoak Gau Beltzaz jantzi ziren. 

Inauteri-festa, San Juan sua, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera… eskuekin konta daitezke eskualde osoan errepikatzen diren hitzorduak. Tradizio handikoak dira, eta horrek esan nahi du aspaldian errotutakoak direla

Antolaketari dagokionez, badira ñabardurak, baina, oro har, itzal handiko ospakizun horiek guztiak Adunan, Amasa-Villabonan, Andoainen, Asteasun, Larraulen eta Zizurkilen egiten dira. Hainbat kasutan, akaso, eskolaren eskutik. Beste hainbatetan, udalerriaren tamaina handitu ahala, gizarte eragileek hartu ohi dute ardura. Azken urteotan beste ospakizun bat indar handiz txertatu da eskualdeko gizarte bizitzan: Gau Beltza.

Eta, bere horretan, berrikuntza badirudi ere, funtsean, gure aurrekoen ospakizunaren berreskurapena da. Izan ere, aurreko hamarkadatan, "arimen gaua" euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon zen. Jaime Altuna Ramirez eta  Josu Ozaita Azpiroz antropologoek  "Itzalitako kalabazen berpiztea" lan etnografikoa argitaratu eta gero, ohitura zaharra berreskuratzeko ekimena Euskal Herria osora zabaldu da. Egun, Gau Beltza osatzen duten elementuak honako hauek dira: hildakoen arimak, hustutako kalabazak, beldurra, gaua eta hainbat mozorro desberdin. Eta hori guztiari itsatsita, euskaraz sortu eta bizitzeko ospakizuna.

Aloña Aroztegi Amasa-Villabonako Zunbeltz kale-antzerki taldeko kidea da. Talde hori da herriko Gau Beltzaren antolakuntzaren zutabe nagusia, baina ekimena elkarlan zabal baten emaitza da: boluntario ugariz gain, Irrika aisialdi taldeak, Gaztelekuak eta Loatzo Musika Eskolak ere parte hartzen dute egitarauan. Seigarren urtez jarraian antolatuko dute jaia Amasa-Villabonan, eta urtez urte beldurraren bueltako proposamen berriak eskaintzen dituzte, data gerturatu ahala herritarren artean ikusmira eta harrera bikaina lortuz. Gorputzean hotzikara eragiteko pertsonaia aproposak sortzen dituzte, beldurraren sentsazioa sorrarazteko.

Aiurriko lantaldea eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuna dira Andoaingo Gau Beltzaren motorrak. Motorrari eragiteko erregaia, ordea, herriko eragile ugari dira: elkarte gastronomikoak, merkatariak, udala, Gazte Lokala, Ludoteka eta abar luzea. Elkarte horien guztien lankidetzari esker, udalerri osora zabaldu da egitaraua. Gau Beltza antolatzen ari den kideetakoa da Fer Irazu, Aiurriko lankidea. 

Eskualdeko gainerako herrietan ere ohiturak berreskuratzeko lanak indarra hartu du.

Fer Irazu, Aiurriko antolatzaileetako bat.

Gau Beltza indartsu abiatu zen Andoainen. Zer nolako aurreikuspena egiten duzu aurtengorako? 

Fer Irazu: Bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta ospakizunak larunbatarekin bat egingo duenez, partaidetza handiagoa aurreikusten dugu. Urtez urte sendotuz doa ospakizuna eta iruditzen zaigu urteko egun seinalatu horietako batean bilakatzen ari dela herrian. Denon artean komunitate indartsu eta bizi bat osatu dugu.

Gainera, haur eta gazteentzat oso erakargarria da mozorrotzea eta beldurrarekin jolastea. Andoaingo ospakizunean bi aukera horiek bermatuta daude: beldurraren pasabideak arrakasta handia du eta askotariko mozorroak ikus daitezke, arratsaldean hasita. Baina horrez gain, familian gozatzeko aukera aparta dago: txokolate beroa, taloak, jolasak… egitaraua handituz doa, urtez urte. Jendea irrikitan dago jada Arimaren Gauean murgiltzeko.

Andoaingo kasuan bidelagun ugari dituzue, lagun askoren lanari esker egiten duzue Gau Beltza. 

F.I.: Oso pozik gaude, Gau Beltza abiatu dugunetik gizarte eta kultur alorreko eragileek laguntza handia ematen digutelako. Denon artean komunitatea egiten ari gara, euskara eta kultura ardatz hartuta. Bestalde, egia esatera, ezinbestekoa da eragile horien guztien laguntza, haiek gabe ezinezkoa litzatekeelako tamaina horretako festa antolatzea.

 

Aloña Aroztegi, Zunbeltz antzerki taldeko antolatzaileetako bat.

Nola eta zergatik sortu zen Amasa-Villabonan Gau Beltza antolatzeko ekimena? Zenbat urte daramatzazue ekimen hori antolatzen?

Aloña Aroztegi: Egitasmoa Halloween festak hartutako indarrari erantzuteko eta gure kulturan tradizio horrek zituen erroak berreskuratzeko helburuz jaio zen. Gaur egun kalera ateratzen den jai-eredu horren atzean, gurean antzina Arimen Gauarekin zein hildakoen kultuarekin lotutako ohiturak zeuden, eta horiek ikertzen nahiz berriro sustatzen hasi ginen. Inguruko hainbat herritan ere antzeko ekimenak abiatzen ari ziren, eta horrek bultzada handia eman zigun.

Bestalde, herrian jada martxan genituen beste bi mugarri nagusi: Olentzeroren basoa neguaren atarian eta udako solstizioa San Juanetan. Tarte horretan nerabeei bideratutako festa bat antolatzea oso egokia iruditu zitzaigun, herriko jai-egutegiari eta gazte inguruneari bizitasuna emateko.

Guzti horren emaitza gisa abiatu genuen Gau Beltza. Dagoeneko bost edizio egin ditugu atzean, eta aurten, hain zuzen ere, seigarren urtez ospatuko dugu herrian.

Azken urteotan tradizio hau berreskuratzeko ahalegin handia egon da Euskal Herrian. Zuen kasuan, nola erantzun du herriak?

A.A.: Hastapenetan ahoz ahokoaren bidez hasi ginen egitasmoa zabaltzen, eta egia esan, herritarren erantzuna bikaina izan da hasieratik. Jendea urtez urte urriaren amaierako hitzorduaren zain egoten da; ikusmira handia sortzen du. Urtez urte proposamena berritzen saiatzen gara: kalejirak zein arimen pasabideak antolatu ditugu, batzuetan Gaztelekuaren barruan egituratuz saioak, eta urtero pertsonaia zein egitura ezberdinak erabiliz. Herritarrek oso modu aktiboan parte hartzen dute, eta azpimarratzekoa da kalejiran bildu ohi den jendetza.

 

Egitaraua eskualdean

Amasa-Villabona

Urriak 31, larunbata

18:00-19:15 Arimen pasabidea Gaztelekuaren barruan.

19:30 Kalejira Gaztelekutik abiatuta, Loatzo Musika Eskolako batukadak alaituta eta girotuta.

Ondoren Suzko zezena eta herritarrentzat gaztaina erreak dastatzeko tartea Errebote plazan.

 

Asteasu

Urriak 30, ostirala. (Bezpera)

Arratsaldean Kalabazak hustutzeko eta forma emateko tailerra plazan (aurtengo uzta aprobetxatuz, biharamunean herriko kaleak apaintzeko).

Urriak 31, larunbata

Arratsaldean Hitzaldia Nekane Martiarena oiartzuarraren eskutik, Gau Beltzaren jatorria eta esanahia hobeto ezagutzeko eta ulertzeko.

Ondoren Aurpegiak margotzeko aukera eta norberaren beldurrak paper batean idatzi eta sutan erretzeko erritua.

Jarraian Sustoen Bira eta herriko kaleetan zeharreko kalejira.

Amaiera Dantza emanaldia eta, jarraian, tortilla pintxoak nahiz gaztaina erreak dastatzeko tartea plazan.

 

Andoain

Urriak 31, larunbata

17:00 Jaiaren hasiera Goikoplazan Ludoteka eta Gazte Lokalaren eskutik: aurpegi-margoketa, jolasak...

17:30 Mozorro lehiaketa Goikoplazan (17:30etik 18:30era izena eman eta argazkia atera; sariak egunean bertan banatuko dira).

18:00 Txokolate beroa eta bizkotxoak Goikoplazan, Batzokiko lagunen eskutik.

18:30 Txalaparta, antzerkia eta dantza Goikoplazan, Maizorri txalapartarien, antzezle-taldearen eta Urki dantza taldearen eskutik.

18:30 Beldurraren pasabidea eta gaztaina-jatea Kale Nagusian, Irunberriko lagunen eskutik.

19:00 A&B Shows konpainiaren “Akerrak Okerrak” kalejira, Goikoplazatik Etxeberrietara.

20:00 Talo-jatea Etxeberrieta plazan, Kotoi elkarteari esker.

20:15 Ezetz asmatu kalabazaren pisua? Lehiaketa Etxeberrietan (euro baten truke kalabaza erraldoiaren pisua igartzeko aukera).

21:00 Lebi suzko zezena Etxeberrieta plazan.

21:30 Zutik Elektrotxaranga kalez kale, Etxeberrietatik abiatuta.

 

Larraul

Urriak 30, ostirala. 

15:15 Apaingarrien prestaketa, eskolan.

Urriak 31, larunbata

15:30 'Koko' pelikularen proiekzioa Urkipen.

17:30 Eskape rooma, eskolan.

19:00 Afari-merienda, norberak ekarria, elkartean (Izen-ematea liburutegian, urriaren 27ra arte)

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 701 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!