“Tolosaldean osasun-arreta hobetzea lortu arte ez ditugu gure aldarrikapenak utziko”

Iraia Sanchez Arregi

Prentsaurreko baten bidez, Tolosaldeko biztanleek euren osasun-egoera ezagutzeko dituzten zailtasunak salatu ditu TOPAk Tolosako anbulatorioaren aurrealdean egindako agerraldian.

Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako (TOPA) kideak prentsaurreko irmoa egiteko kalera atera dira, berriro ere eskualdeko osasun-egoeraren kudeaketa salatzeko eta gardentasun falta handia dagoela aditzera emateko. Zentro berria eraikitzeko epea atzeratu egin dela eta proposatutako osasun-azpiegitura berriak eskualdeko beharrak aseko ez dituela kritikatu dute. TOPAren esanetan, Tolosaldeko Plan Funtzionala ez da egokia eta proposatutako zentro berriak ez dio erantzunik emango bertako osasun-arretari, "osasun mapan esperimentu bat izaten jarraitzen dugu, EAEko eskualdeko ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra izaten jarraituko al dugu?" galdegin dute.

"Proposatutako osasun-azpiegitura berriak eskualdeko beharrak ez ditu asetuko"

Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, obra proiektuaren lizitazioari auzi-errekurtsoa jarri zaio, eta atzerapen horren inguruko informazio zehatza exijitu diote Eusko Jaurlaritzari. Plataformaren ustez, 2019tik atzeratzen ari diren proiektua ez da egokia, eta irtenbide bidezkoena Asuncion Klinika publiko egitea litzateke osasun arretaren kalitatea bermatzeko. Halaber, Donostialdea ESIrako trantsizioa nola egingo denaren inguruko ziurgabetasuna salatu dute, Tolosaldea ESIko gerenteak beraiekin biltzeari uko egin diola gaineratuz, eskumenik ez duelako aitzakiaz. Horren aurrean, profesionalen eta barne-medikuen eskumen zein egoeraren gaineko argibideak eskatu dituzte.

Aldarrikapenetan zorrotz

Azkenik, plataformak osasun publikoaren galera eta pribatizatze joera kezkagarria salatu ditu, erakundeei osasungintza publikoari lehentasuna emateko eskatuz. Borroka horretan jarraitzeko asmoa berretsi dute, Tolosaldeko herritar guztiak deituz eta La Asuncion Klinikako langileen Enpresa Batzordeak antolatutako manifestazioarekin bat eginez, eskualdean kalitatezko osasun arreta publikoa lortu arte aldarrikapenei eutsiko dietela ziurtatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!