Azaroaren 11n arratsaldez egingo diren mobilizazioen berri eman dute

Iraia Sanchez Arregi

ELA, LAB eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin dute Greba Orokorrera batzeko deia zabaltzeko. Etxebizitza eskubidea berma dadin eta espekulazioari ezetz esateko mobilizatuko dira egun horretan.

Tolosan prentsaurreko bat egiteko bildu dira ELA, LAB eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak. Azaroaren 11n etxebizitzaren aldeko Greba Orokorraren deitzaileak dira, eta greba egunean arratsaldez Tolosaldeko hainbat herritan antolatu dituzten mobilizazioen berri eman dute gaurko agerraldian.

“Kalitatezko etxebizitza bermatu behar da langile guztiontzat”

Guztientzako etxebizitza eskubidea aldarrikatzea gain beste hainbat aldarri atera dituzte kalera. Langileen pobretzearen aurka, soldatak igotzearen alde eta denen eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa egin dute. “Egoera jasan ezina” dela salatu dute, “langile klasea gero eta pobreagoa baita enpresariek eta espekulatzaileek haien irabaziak handitzen dituzten bitartean”.

Etxebizitza, langile klasearen kezka nagusi

Etxebizitza herritarren kezka nagusi izateaz gain, gizarteko arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusi ere bilakatu dela gaineratu dute. “Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, baina hau ezinezkoa egiten du etxebizitzarekin egiten den negozioak”. Egoera horren erantzuletzat seinalatu dituzte espekulatzaileak, errentistak, banketxeak zein eraikuntza enpresak haiek “aberasteko aukera ikusten baitute bertan”.

Gainera, kalitatezko etxebizitza guztientzat bermatuta egotea posible dela adierazi dute, baina horretarako premisa bezala jarri dituzte erroko hiru transformazio bultzatu beharra. Batetik, espekulatzaileak desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa langileriaren beharren arabera eta modu justu batean egitea.

Berehalako itoaldia arintzeko neurriak

Egungo langileriaren estualdia arintzeko gaurdanik har daitezkeen neurri batzuk proposatu dituzte: etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera. Neurri horiek aurrera eramateko oztopo nagusitzat jo dute halako neurririk onartuko lukeen gobernurik ez egotea. “PSOEk gidaturiko gobernuak ez du ezer egin egoera aldatzeko, eta horretan ardura dute ere PSOEren Gobernua osatzen duten alderdi guztiek”.

“Langileen berehalako itoaldia arintzeko: etxegabetze guztiak eten eta etxebizitzaren prezioak jaitsi behar dira”

Arduradun guztiak seinalatu dituzte

Datorren Greba Orokorrean “seinalatu behareko” arduradun gehiago jarri dituzte jo-puntuan. Batetik, patronalari egoeraren gaineko erantzukizuna egotzi diote. “Confebaskek eta CEN patronalek langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari”. Bestetik, “higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen” dutela salatu dute. Ardura instituzionalak ere seinalatu dituzte “bai Diputazio ezberdinek, Eusko Jaurlaritzak zein Nafar Gobernuak negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte, espekulatzaileen esku amaitzen duten diru laguntza eta abalak sustatuz” eman dute aditzera. Horrekin batera, “alderdi guztiek kudeatzen dituzten udalerrietan alternatibarik gabeko etxegabetzeak ematen” direla ere salatu dute.

Mobilizazioetan parte-hartzeko deialdia

Azaroaren 11ko Greba Orokorra “alderdien interesak alde batera utzi eta euskal langileria antolatzeko” probestu nahi dute. “Errentisten aldeko politikak egiteari utzi eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparruan aurrera urratsak emateko momentua da, euskal langileon lan baldintzei eta etxebizitzari loturiko neurriak har daitezen”. Halaber, langileen antolakuntza “erreakzioa eta faxismoaren aurrean eskubide murrizketei aurre egiteko” ezinbestekoa izango dela nabarmendu dute.

Horrenbestez, herritar orori azaroaren 11rako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diote.

Arratsaldeko mobilizazioak Aiztondo-Beterrin

  • Amasa-Villabona: 18:00etan Errebote plazatik Zizurkilera
  • Andoain: 17:30ean Goiko Plazan
  • Urnieta: 18:00etan San Juan plazan

Atxikimendu zabala jaso du greba deialdiak

- Itaia

- Etxebizitza Sindikatu Sozialista

- GKS

- Kontseilu Sozialista

- Abargi Gazte Asanblada

- Onddo Gazte Asanblada

- TOPA

- Ernai

- Gazte feministak

- Ikama

- Sortu

- Boolo senegaldarrak

- Pentsiodunak

- Tolosaldeko Asanblada Feminista

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!