Ostegunean hasiko dituzte oinezkoen zubia berritzeko lanak

Ostegunean, azaroaren 12an, hasiko dira Amasa-Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubia berritzeko lanak. Zubia itxi egingo da eta ezingo da erabili lanek irauten duten bitartean.

Pasabidearen egurrezko zoladura eta taulen euste-sistema egoera kaxkarrean aurkitzen dira, eta zubiaren zati batzuetan ez dago eskuekin eusteko baranda egokirik. Beraz, horren aurrean, zubia osorik egokituko da: egurrezko zoladura osoa berritu, euste-sistema ordezkatu, egitura aldatu eta barandak egokituko dira.

SESTRA Arkitektura eta Ingeniaritza enpresak prestatu du zubi berriaren proiektua, bi udaletako teknikarien elkarlanarekin. Obra egingo duen enpresa, ordea, Construcciones Metalicas Andueza SLU. izango da. Eta 181.238,52 euroko aurrekontuarekin (zeina bi udalek % 50ean finantzatuko duten) egingo ditu lanak. 

Lanek sei aste irautea aurreikusten dute. Azaroa erdialdean ekingo diotenez berrikuntzari, urtea amaitu baino lehen oinezkoen zubia berriz ere erabilgarri izatea aurreikusten da. 

Bitarte horretan, zubia itxita egongo da, eta oinezkoek Zubimusu edo Olaederra kiroldegi inguruko zubiak erabili beharko dituzte Oria Ibaia gurutzatzeko. 
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!