Greba Orokor egunean goizean goizetik etxebizitzaren eskubidea berma dadila galdegiteko kalera atera dira grebalariak. 8:00etan Zizurkilgo plazan elkartu eta Amasa-Villabonatik autobiderako irteeran dagoen autobus geltoki pareko errepidea moztu dute. Greba eguna izanik, lantegiak eta ikastetxeak hustu eta herritarrak mobilizatzera bultzatzeko egin dute ekimena.
Errepide-mozketaren ostean, Zizurkil eta Amasa-Villabona arteko zubia kartelez josi dute, grebarako deialdia modu ikusgarrian zabaltzeko. Mobilizazioetan parte-hartzeko deia herritar guztien artean zabaltzen jarraitzeko, Amasa-Villabonako zein Zizurkilgo komertzioetatik igaro dira esku-orriak banatzen aldarri artean.
Mobilizazioz betetako eguna
Zizurkilgo Egarriko aparkalekuan gosaria eskaini dute, eta indarrak hartuta, Donostiara abiatu dira hiriburuko manifestazioan parte-hartzeko: “langileriak eskubideak antolatuta eta borrokan irabazten ditu; horrenbestez, dei egiten diogu herritar orori kaleak hartu eta mobiliza dadin”.
Bide horretan, arratsaldean Aiztondo mailako manifestazioa antolatu dute, 18:00etan Amasa-Villabonako Errebote plazatik abiatuko da eta Zizurkilerainoko bidea egingo dute.