Gaur Greba Orokorra deitu dute Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak eta Etxebizitza Sindikatuek. Eguerdian hiriburuetan egin dituzte mobilizazioak, eta arratsaldean Amasa-Villabonan deitu dute Aiztondo bailarako manifestazio nagusia. 18:00etan abiatu da manifestazioa Errebote plazatik. Ehunka lagun batu da manifestazio horretara.
Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaitu da manifestazioa eta, bertan irakurri dute adierazpena. Hasteko, goizeko ekintzetan gutxienez 10 atxilotu eta ehunka identifikatu egon direral azaldu dute eta babesa adierazi diete.
Etxebizitza “langile-klasearen pobretzeren arrazoi nagusietako bat” dela ohartarazi dute. Hego Euskal Herrian ere horren hamaika adibide daudela adierazi dute “prezioek gora egiten dute, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten…” Txanponaren beste aldean “espekulatzaile eta errentista gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak pilatzen” dituztela salatu dute.
Gainera, etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboa hazten joateak gizartean “arrakala sozioekonomikoa zabaltzea” eragiten duela gaineratu dute. Arrakala hori “diskurtso erreakzionario eta faxistak” txertatu nahi dutenak badaude ere, garbi adierazi dute etxebizitzaren arazoaren errudunak “espekulatzaileak, errentistak eta haiek defendatzen dituzten politikariak” direla, eta ez dutela onartuko gizarte mailan “azken aurrekoa azkenekoaren aurka” jartzeko zenbait talde egiten ari diren saiakerarik.
Egoera horren aurrean, “euskal langile-klaseak bere interes komunen alde eta espekulatzaileen aurka batu” behar duela mahai gaineratu dute.
Aiztondo bailaran ere etxebizitzaren arazoaren ondorioak zuzenean pairatzen dituztela salatu dute. Alde batetik, etxebizitza-salmentaren azken urteotan “nabaren handitu” dela eman dute aditzera. Horrekin batera, alokairuaren prezioek ere gora egin dutela ohartarazi dute. Datu adierazgarriak eman dituzte garestitze hori islatzeko: “2018 eta 2023 urteen artean %15,5 igo da Amasa-Villabonan, %10,3 Zizurkilen eta %5,9 Asteasun”.
Etxebizitzaren eskaria ere “oso murritza” dela esan dute, “2025ean Amasa-Villabonan 9 etxebizitzako eskaintza” zegoela jakinarazi dute. Bien bitartean, “2020ko datuek zioten Villabonan 188 etxe huts zeudela, Zizurkilen 146 eta Asteasun 108” salatu dute.
Bailarako egoera aztertuta eta gazteen errealitateari erreparatuta, “egoera kezkagarria” dela ohartarazi dute. “Villabonan erroldatutako 18-36 urte bitarteko gazteen %36 bakarrik dago emantzipatuta. Gainera, Aiztondon ez dago gazteen emantzipazioa errazteko neurririk, ezta gazteei zuzendutako etxebizitzarik ere” gaineratu dute.
Aiztondoko etxebizitza-arazoaren egoeraren aurrean, kezkatuta agertu dira sindikatuko ordezkariak “errealitate gordina aurkezten zaigu gure bailaran, eta ez dirudi egoerak hobera egingo duenik, ezta orain arte bezala Udalek egoera honi aterabidea emateko gaitasuna izango dutenik ere”.
Etxebizitza bat eskuratzeko arazoa gordinen jasaten duen beste kolektibo bat migratzaileena dela adierazi dute. Migrazio prozesu bortitz baten ondoren, teilaperik gabe aurkitzen direnak gogora ekarri dituzte, eta horrelako kasuak Tolosan bertan ere bizi direla gogorarazi dute “Tolosan ere behin eta berriz izan dira kaleratuak etxerik ez duten pertsonak hainbat eraikin eta aterpetatik.” Hori gutxi ez eta “higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen” dituztela eman dute aditzera.
Emakume langileak ere etxebizitzaren problematika gogor bizi duten kolektiboa direla ohartarazi dute. “Etxebizitza izateko eskubidea bermatuta ez dutenez, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar” baitute. Halaber, sexu-genero disidenteak “etxetik kanporatuak izateko arrisku gehiago” dutela eta “higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen” dituela gehitu dute.
Etxebizitzaren krisia “espekulatzaileen eta errentisten negozioak” eragiten badu ere, “haien interesen zerbitzura dauden erakunde publikoak eta alderdi politikoak egongo ez balira ez litzatekeela posible izango” adierazi dute. Horregatik, “erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar” direla aldarrikatu dute. Alde batetik, “eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren Gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean”. Horiez gain, “PSOEren Gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri” salatu dute. Gainera, “eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago, hartzen ari diren neurriek errentismoaren interesak eta finantzaketa blindatzea dute helburu” gaineratu dute.
Euskal Herrian ere etxebizitza-arazoaren erantzule diren erakunde guztiak seinalatu dituzte. “Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita foru-aldundiek ere, eskumen zabalak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte. Higiezinen enpresen eta errentadunen interesekin lerrokatuta, espekulatzaileen eskuetan amaitzen diren dirulaguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza-ziklo berri bati bide ematen dioten legeak onartu dituzte, eta errentistentzako onura fiskaletan oinarritutako politikak aplikatzen ari dira. Azkenik, alderdi guztietako udalek etengabe baimentzen edo zuzenean gauzatzen dituzte etxegabetzeak, alternatibarik eskaini gabe” salatu dute.
Aldarrikapen horiez guztiez gain, “egungo egoera arintzeko neurriak” har litezkeela eskatu dute, hala nola “alokairuen prezioak jaistea eta etxegabetzeak etetea”. Nolanahi ere, langileriaren egitekoa “ogi apurrak lortzeko borrokatzea” soilik ez dela eman dute aditzera, baizik eta “etxebizitzaren arazoari erabateko konponbide bat emateko aukerak irekitzea”.
“Etxebizitzaren arazoa konpontzea posible da; posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edo hezkuntza diren bezala” adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Horretarako, ordea, “errentismoarekin eta espekulazioarekin amaitzea” ezinbestekoa dela esan dute. Bide horrek, “hiru norabide nagusitan aurrera egitea” eskatzen duela adierazi dute. “Lehenik eta behin, espekulatzaileei ondasunak desjabetu behar dizkiegu. Hemen milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatu behar ditugu. Inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura aberastuz. Eta, hirugarrenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak, eskaintzaren eta eskariaren logikarekin, arazoak betikotzen ditu, eta milaka euro kostatzen zaizkigu guztioi. Baliabideen antolaketa arrazionala behar da, irabazi pribatuaren mende egongo ez dena.”
Aldarrikatu duten norabide horretan egingo dutela aurrera eta langileriak pairatzen dituen bidegabekeria guztiei aurre egiteko antolatuko direla eman dute aditzera, “helburu hori lortzera begira lagunduko duten hobekuntzak konkistatzeko”.
“Arazoak indibidualak balira bezala aurkezten dizkiguten arren, ezinbestekoa da kolektiboki antolatzea. Antolatzeko deia egin nahi dugu, eta etxebizitzaren arazoa pairatzen duen orori argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak. Langile klase antolatu eta indartsua behar dugu. Bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak.”