Santa Zezilia eguna, Andoainen eta Urnietan

Musika emanaldiak egingo dituzte kalean, udalerri bakoitzeko udal musika eskolen partaidetzarekin.

Urnieta: Azaroak 18, asteazkena

Bezperan, Urnietan, Lourdes Iriondo Musika Eskolak Santa Zezilia eguna ospatuko du. Azaroaren 18ko kalejira, herriko plazatik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean hasita. Adarra Jo Txarangarekin eta Kantazaunekin batera honako ibilbidea egingo dute: San Joan plaza, Zubitxo plaza, Etxeberri plaza eta Lourdes Iriondo Musika Eskola.

Andoain: Azaroak 19, osteguna

“Musikalean” izenburupean, Santa Zezilia eguneko ospakizuna egingo du Andoaingo Udal Musika Eskolak. Datorren azaroaren 19an izango da, ostegunarekin, arratsaldeko 17:15etan hasita. Hiru kokapen ezberdin aurreikusi dituzte: Plaza Morean, haizezko eta perkusio taldeak izango dira lehenak; 17:30ean, Bastero parean, akordeoilariak eta txistulariak; eta, 17:50etan, biolin, flauta, gitarra eta perkusio taldeak Juanita Alkain plazatxoan. Amaitu aurretik, arratsaldeko 18:00etan, denek elkarrekin “Musikalean” pieza joko dute Juanita Alkain plazatxoan. Txokolate beroarekin amaiera emango diote saioari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!