Hasi dira, boto eske, alderdi politikoak

Ostiral honetan, gauerdiko 00:00etan, hasiera eman diote Espainiako Kongresua eta Senatua berritzeko hauteskunde kanpainari. 15 egunez luzatuko da, azaroaren 27ko gauerdira arte.

Asteburuan hasita, beraz, alderdi politikoen afitxak eta hautagaien argazkiak ikusiko ditugu gure herrietan. Ez baitira faltako, erratza eta kola hartuta, kartelak itsasten aritu direnen lekukotza grafikoa. 2026ra iritsita, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiak dira  udalerriotan boto gehien jasoko dituzten alderdiak eta, ziurrenik, hiru horien iruditeria nabarmenduko da datozen egunetan. Gainerako alderdien boto-intentzioa eta ahalmena, hilaren 29ko bozei begira, askoz apalagoa baita.

350 diputatuk osatzen dute Espainiako Kongresua eta horietatik 6 gipuzkoarren botoekin aukeratuko dira. Senatuari dagokionez, 209 dira eta Gipuzkoakoak 4 izango dira.

Egunotako arreta-gunea udalen webguneetan izan da, hara jo baitute bizilagunek hauteslekuan egoteko hautatuak izan diren ala ez egiaztatzera. Dibertimendua izan da gehienentzat, aldiz, hautatuak izan direnentzat, biraoka edo mekaguenka erreakzionatzeko unea. Inork ez baitu egun horretan bozketa zaintzen eta botoak zenbatzen egon nahi.

Bi ganbera direnez, bi bozketa izango dira azaroaren 29an. Eta, adi, ñabardura esanguratsuak baitaude bozketa batetik bestera. Kongresurako hauteskundeetan, boto-txartelak zuriak dira eta alderdi politikoek zerrenda itxietan aurkezten dituzte hautagaiak. Alderdia da bozkatzen dena.

Senaturako boto-txartelak sepia kolorekoak dira eta, aldiz, bozketa-sistema irekiagoa da. Izan ere,  hauteskunde-barruti bakoitzera aurkezten diren alderdi guztietako hautagai guztien artean hiru aukeratu daitezke. Izan daiteke alderdi politiko bakoitzeko hautagai bana.

Boto-paperak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egiten ditu, eta udal guztiei helarazten dizkiete.

Partaidetza eta joera

Azken hamarkadako botu-emaileen lagina aintzat hartuz gero, bada detaile deigarria: partaidetza handiena Espainiako Kongresuko bozetan ematen da. Udal hauteskundeetan baino gehiago. Eta Eusko Legebiltzarrerako eta Europar Batasunerako baino askoz gehiago. Harrigarria dirudien arren, gertuko administrazioarena baino interes gehiago pizten du estatu mailako deialdiak.

2025ean ez da hauteskunderik izan eta datozen 6 hilabeteetan 2 deialdi izango ditugu: hilabete amaieran, Kongresukoak; 2027ko maiatzean, Udal hauteskundeak. Partaidetzari eta joerari buruzko mugarri berriak zehaztuko dira etorkizun hurbilean. Lehen hitzordua hilabete honetan da, hilaren 29an. Bitartean, alderdi politiko bakoitzak bere matrakari helduko dio.

Aldaketa bakarrarekin: oraingoan, bai, “emaidazu botoa” adieraztera baimenduta daude.

Gainerakoan, aurre-kanpainaren antza handia izango du kanpainak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!