Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak 2026ko Gipuzkoako Boluntariotza Saria emango dio Caritas Gipuzkoari, "egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko konpromisoa eta boluntario-sare zabalaren bidez Gipuzkoako gizarteari egiten dion ekarpena aitortzeko".
Saria datorren abenduaren 1ean jasoko du. Aldundiak ohar bidez emandako informazioaren arabera, 2025ean, Caritas Gipuzkoak 861 boluntario izan zituen, eta horietatik 152 lehen aldiz batu ziren erakundera. Boluntario horien inplikazioari eta talde profesionalen lanari esker, erakundeak pobrezia edo gizarte-bazterkeria egoeran zeuden 4.065 etxebizitzatako 10.183 pertsonari lagundu zien. Gipuzkoako boluntarioek hainbat arlotan jarduten dute, hala nola lehen harreran, entzutean eta laguntzean, hezkuntza-programetan, etxebizitzaren arloan, gizarteratze eta laneratze-prozesuetan eta komunitate-ekintzan.
Caritas Gipuzkoaren 60. urteurrena
Erakundea 1966an sortu zen, eta sei hamarkada hauetan gizartearen bilakaerara egokitu du bere jarduna, zaurgarritasun-egoera handienak bizi dituzten pertsonekiko konpromisoari eutsiz. Lurraldean duen presentzia 84 herri eta auzotako parrokia-Caritasen bidez egituratzen da; horri esker, komunitateekin harreman estua du eta ingurune bakoitzeko beharrei erantzuten die. Epaimahaiak bereziki baloratu ditu boluntario-sarearen zabaltasuna, boluntario berriak erakartzeko gaitasuna eta parte hartu nahi duten pertsonei eskaintzen dien harrera-, prestakuntza- eta laguntza-eredua.