Larunbat honetarako, hilak 21, manifestazioa egiteko deialdia zabaldu dute Asuncion klinikako langileek, ELA eta LAB sindikatuek babestuta. 12:00etan Triangulotik abiatuko da mobilizazioa. %100 publikoa den osasun-sistema aldarriko dute, eta, horrekin batera, Asuncion klinika bera publifika dezatela galdegingo dute.
“Ezin dugu besoak gurutzatuta geratu Gure osasuna, gure lanpostuak eta eskualde osoko osasun-arreta daude jokoan” ohartarazi dute. Arazo horren aurrean, Asuncion klinikako langileen subrogazioa eskatzen dute, eta osasun-zerbitzu guztiak eskaintzen dituen osasun-sistema baten aldeko aldarria aterako dute kalera. Aldarri horiek defendatu eta kaleak hartzeko deia luzatu die herritar guztiei.
Tolosaldeko osasun-egoeraz kezkatuta
Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko (TOPA) plataformak ere urteak daramatza Tolosako osasungintzaren egoera salatzen. Plataformaren esanetan “Tolosaldeko Plan Funtzionala ez da egokia eta proposatutako zentro berriak ez dio erantzunik emango bertako osasun-arretari”. Halaber, hilaren hasieran egin zuten prentsaurrekoan osasun-zentro berria eraikitzeko epeak atzeratu egin direla salatu zuten, eta obra-proiektuaren lizitazioari errekurtsoa jarri ziotela eman zuten aditzera. Horrekin batera, atzerapen horren inguruko informazio zehatza exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari.
Bestalde, Donostialdea ESIrako trantsizioa nola egingo denaren inguruko ziurgabetasuna salatu zuten, Tolosaldea ESIko gerenteak beraiekin biltzeari uko egin ziola gaineratuz, eskumenik ez duelako aitzakiaz. Horren aurrean, profesionalen eta barne-medikuen eskumen zein egoeraren gaineko argibideak eskatu zituzten.