Agipad 1980an sortu zenetik drogen erabilera problematikoen ikerketan, prebentzioan eta tratamenduan diharduen irabazi-asmorik gabeko elkarte honek. Bere helburu nagusia drogen erabilera problematikoen ikerketa, prebentzioa, laguntza eta haien eraginpean dauden edo egon daitezkeen pertsonen tratamendua da, eta gizarte-bazterketako egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonen alde profesionalki lan egitea, profesionalen, bazkideen eta boluntarioen laguntzarekin, eta Erkidegoko erakunde eta baliabideekin lankidetzan.
2025ean zehar bere zerbitzuetan artatutako helduen erradiografia aztertu du, eta datuek argi erakusten dute alkohola dela asistentzia-bolumen orokor handiena duen substantzia: drogengatiko arreten %30,34 hartzen du.
Genero-arrakalaren erakusle
Alkohola da zerrendaren buruan dagoen substantzia, eta haren atzetik kokaina, kanabisa, anfetaminak edo speeda, jokabide-adikzioak, psikofarmakoak eta heroina kokatzen dira. Datuak sexuaren arabera aztertuz gero, genero-arrakala oso nabarmen ageri da. Emakumeen artean alkohola da droga nagusia, artatzeen %53,7 eta egoitza-sarreren zein eguneko zentroen % 55,3 biltzen baititu. Gizonen artean, aldiz, kokaina eta kanabisa dira kontsumo nagusiak, eta alkohola hirugarren tokian geratzen da.
Artatutako pertsonen profilari dagokionez, alkoholaren tratamendurako programetan edo anbulatorioan batez besteko erabiltzaileak 45 urte baino gehiago ditu. Gehienek enplegua eta seme-alabak dituzte beren ardurapean, eta ez dute aurrekari penalik. Hala ere, elkarteak azpimarratu du emakumeen kolektiboan estigma sozialak laguntza-eskaera goiztiarra zailtzen jarraitzen duela.
Kontsumo goiztiarra
Bestalde, ikastetxeetan garatzen dituzten prebentzio-tailerren bidez jasotako datuen arabera, gazteak oso goiz hasten dira alkohola probatzen. Hain zuzen ere, kontsumitzen hasteko batez besteko adina 13,9 urte inguruan kokatzen da (DBHko 2. mailan). Etapa berean, ikasleek tabakoa, vaperrak, edari energetikoak eta, pixkanaka, kanabisa ere probatzen dituztela ohartarazi du elkarteak.
Hitzordu solidarioa Donostian
Sentsibilizazio hilabete honi amaiera emateko, Agipad izango da Ortzian Ensemble musika-taldeak eskainiko duen kontzertu solidarioaren erakunde onuraduna. Emanaldia azaroaren 28an, larunbatean, izango da, 20:15ean, Donostiako portuko San Pedro kaperan. Sarrera doakoa izango da, baina elkartasun-puntu bat jarriko da borondatezko dohaintzak biltzeko, elkartearen gizarte-proiektuetara bideratuko direnak.