Oriamendik agur esango dio erremonteari azkeneko bost jaialdiekin

Azaroaren 28tik abenduaren 26ra Hernaniko Galarreta frontoian ospatuko den txapelketa batekin amaiera emango dio enpresak bere erremonteko ibilbideari.

Oriamendik agur esango dio erremonte profesionalaren antolakuntzari Galarreta frontoian. Horretarako, azken bost jaialdiak antolatu ditu Hernaniko pilotalekuan datorren azaroaren 28tik abenduaren 26ra bitartean. Urte bukaerarekin batera amaituko da, beraz, enpresak 2010tik erremontean egin duen lana.

Azken txapelen bila

Bi txapelketa izango dira azken jaialdi honetako ardatz: lehen mailako LVI. Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia eta Bigarren Mailako Binakako Txapelketa. Biak ligaxka fase batekin hasiko dira, azaroaren 28tik abenduaren 12ra ospatuko dena. Ondoren, abenduaren 19an Bigarren Mailako finala eta Lehen Mailako finalerdiak jokatuko dituzte, eta abenduaren 26an izango da txapelketa nagusiko final handia.

Bost jaialdi, agur berezi baterako

Azken jaialdiak bereziak izango dira, eta lehen hitzordua, azaroaren 28an, festa giroan ospatuko da. Donostiako Gross garagardotegiak DJa, bere garagardoa eta bestelako sorpresak eramango ditu Galarretara, jaialdiari hasiera on bat emateko.

Oriamendik herritarrak Galarretara gerturatzeko deia egin du, azken jaialdi hauetan pilotalekua betetzeko helburuarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude oriamendi.eus webgunean. Enpresak adierazi duenez, bereziki abenduaren 26an ospatuko den finalerako sarrerak lehenbailehen eskuratzea gomendatzen da, agortu egingo direla aurreikusten baita eta pilotalekuaren edukiera mugatua errespetatu egin behar baita.

Horrela, abenduaren 26an amaituko da Oriamendi enpresaren ibilbidea erremontean. Azken bost jaialdiek, kirola ez ezik, erremontearen eta urte luzez Galarreta pilotalekuan egindako lanaren omenaldia ere izango dute.

Egutegia

  • Azaroaren 28a, larunbata, 16:30 (ateak 15:45), Gross festa
  • Abenduaren 5a, larunbata, 16:30 (ateak 15:45)
  • Abenduaren 12a, larunbata, 15:15 (ateak 14:30)
  • Abenduaren 19a, larunbata, 15:15 (ateak 14:30), Finalaurrekoa eta Bigarren Mailako finala
  • Abenduaren 26a, larunbata, 16:00 (ateak 15:00), Finala eta agurra

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!