Latxa, euskarazko adimen artifiziala

HITZ zentroak garatutako tresnak euskarazko elkarrizketak, testuak eta itzulpenak egiteko aukera eskaintzen du doan.

Adimen artifizialaren aroan, euskarak bere lekua izateko urratsak ematen jarraitzen du. Horren erakusgarri da Latxa, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, EJIE eta EHUko HITZ zentroarekin batera garatutako adimen artifizialeko tresna. Euskaran eta euskal kulturan espezializatutako sistema da, eta ChatGPT edo Gemini bezalako aplikazioen antzeko funtzioak eskaintzen ditu.

Erabiltzaileek hainbat gauza egiteko erabil dezakete: testuak idatzi eta zuzendu, dokumentuak laburtu, itzulpenak egin, ideiak sortu edota galderak erantzun. Horrez gain, PDF, Word edo Excel formatuko dokumentuekin lan egiteko aukera ere eskaintzen du. Itzulpenei dagokienez, hizkuntza mordoa itzul ditzake: Euskara, Gaztelera, Ingelesa, Katalana, Galiziera, Alemana, Frantsesa, Italiera, Portugesa, Errumaniera, Txinera (sinplifikatua), Hindiera, Arabiera estandarra, Bengalera, Indonesiera, Urduera, Rusiera, Japoniera, Turkiera, Vietnamera eta Koreera.

Proiektuaren helburu nagusia euskara teknologia berrietan beste hizkuntzen pare jartzea da. IKER-GAITU ikerketa-proiektuaren barruan garatu dute, eta ereduak, kodea eta erabilitako datuak modu irekian jarri dituzte eskuragarri.

Latxa doan erabil daiteke, erregistratu gabe ere, nahiz eta kasu horretan erabilera-mugak dauden.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!