Manifestazioaren aurkezpen agerraldian azaldu genuen moduan, euskararen egoera larriak euskararen aldeko borroka bizkortzea eta indartzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaezean -are gehiago, kontrako haizea hain harro dabilen garaian-; baina, horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu Euskal Herri osoan eta hori, han eta hemen gauden euskaltzaleon aktibazioari eta antolakuntzari esker lortuko dugu. Horretan, gaur hemen bildu garen eragileok egiten dugun ekarpena ezinbestekoa da, eta badakigu horretan sakontzen jarraitu behar dugula euskara minorizazio egoeratik aterako badugu.
Krisi anizkoitzen garaia bizi dugu eta, testuinguru horretan, argiki ikusten ari gara eskuin muturra eta faxismoa indartzen ari direla eta gainditutzat genituen diskurtso erreakzionario eta atzerakoiek lekua irabazi dutela. Faximoak ere jakin izan du garai berrietara egokitzen eta, unean une, euskaldunen eta beste hainbat eta hainbat disidentzien zapalkuntzaren asimilazioa bermatzen.
Euskal Herrian, gainera, badakigu, ez dugulako ahaztu, gure historia garaikidean faxismoak edota frankismoak euskararen eta euskaldunon galeran jokatutako funtsezko paper aktiboa. Faxismoak gure herriaren, hizkuntzaren nahiz bestelako eskubide sozialen aurka egin du eta, egun, garai haiek gorazartzen eta nostalgiaz oroitzen dituztenen ahotsak gero eta ozenago eta gertuago sumatzen ditugu. 60ko hamarkada amaieran izandako euskaldunon “pizkundea” argiki lerrokatu zen Euskal Herri aske eta antifrankistaren edota antifaxistaren aldeko borrokarekin eta, orain ere, Euskal Herrian Euskarazetik horretarako deia egiten dugu.
Horregatik, antifaxismoan oinarritutako euskararen aldeko borroka aldarrikatzen dugu; azken buruan, zapalkuntza guztiak gaindituko dituen Euskal Herri euskalduna eraiki nahi dugulako eta hori ezin delako beste modu batera egin. Faxismoari aurre egingo diogu, bai, baina Euskararen Errepublika ipar hartuta; alegia, balio antifaxistatan oinarrituko den eta frantziar nahiz espainiar estatuetatik aske izango den Euskal Herri euskaldunaren eta independientearen eraikuntza da faxismoari aurre egiteko Euskal Herrian Euskarazetik aldarrikatzen dugun bidea.
Abenduaren 5ean, beraz, 13:30ean Landako Gunetik hasita, euskaltzale oro Durangoko kaleak betetzera dei egiten dugu, faxismoaren aurka eta Euskararen Errepublikaren alde!