Tolosaldeko osasun publikoaren aldeko aldarria kalera atera dute

Asuntzion klinikako langileek manifestazioa egin dute Tolosan, ospitalearen publifikazioa, 380 langileen subrogazioa eta zerbitzu guztiak bermatuko dituen osasun sistema publiko bat eskatzeko.

Tolosaldeko osasun publikoaren etorkizunak kezka sortzen jarraitzen du eskualdean. Horren erakusgarri izan da gaur Tolosan egindako manifestazioa. Asuntzion klinikako langileek mobilizazioa egin dute ospitalearen etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna salatzeko eta eskualdeko herritarrek behar duten osasun arreta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Langileen enpresa batzordearen arabera, hiru dira ezinbestekoak: Asuntzion klinikaren publifikazioa, bertako 380 langileen subrogazioa eta zerbitzu guztiak izango dituen ospitale publiko baten bermea.

Mobilizazioaren amaieran egindako agerraldian, langileen ordezkariek argi utzi dute ez dutela egungo egoera luzatzen jarraitzerik nahi. Izan ere, duela urte asko erabaki zen Tolosaldeak ospitale publiko bat izango zuela, baina Osasun Sailak aurkeztutako plan funtzionalak ez ditu, haien ustez, ez langileen ez herritarren eskaerak asetzen. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, "aurkeztutako planak osasun zerbitzuen murrizketa dakar eta orain Tolosaldean eskaintzen den zerbitzu-zorroa baino murritzagoa aurreikusten du".

Asuntzion klinika publifikatzea, mahai gainean dagoen aukera

Langileen enpresa batzordeak ospitale publikoaren inguruan aztertzen ari diren aukeren artean Asuntzion klinikaren egungo instalazioak erabiltzea dagoela nabarmendu du. Izan ere, klinikaren egungo jabeak, Jesús Gómez Montoyak, instalazioak Osasun Sailaren esku uzteko borondatea adierazi duela azaldu dute.

Hori dela eta, aukera hori ere seriotasunez aztertzeko eskatu diote Osasun Sailari. Haien esanetan, ezinbestekoa da aukera guztiak mahai gainean jartzea eta horien kostuei zein ondorioei buruzko informazio gardena eskaintzea.

Alderdi ekonomikoa ere izan dute hizpide. Langileen ordezkariek azpimarratu dute diru publikoa dagoela jokoan, eta eraikin berri bat egitearen eta egungo Asuntzion klinikaren instalazioak aprobetxatzearen arteko alde ekonomikoa nabarmena izan daitekeela.

Emandako datuen arabera, Osasun Sailak aurkeztutako aurreikuspenek ospitale berri bat eraikitzeko 130 milioi euroko inbertsioa jasotzen dute. Asuntzion klinika publifikatzeak, aldiz, 5,5 milioi euroko kostua izango luke, klinikako zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazitakoaren arabera.

"Herritarren diru publikoa zein baliabide publikoak modu eraginkorrean erabiltzea ezinbestekoa da", azpimarratu dute. Horregatik, interes politiko eta ekonomikoetatik aldendu, eta herritarren zein langileen beharrak lehenesteko eskatu dute.

380 langileen etorkizuna bermatzeko eskaria

Ospitalearen ereduaz gain, langileen lan etorkizuna da mobilizazioaren beste aldarrikapen nagusietako bat. Asuntzion klinikan lanean ari diren 380 langileen subrogazioa bermatzea exijitu dute, haien enplegua eta lan eskubideak babesteko.

Langileen ordezkarien arabera, publifikazioak urteetan luzatu den gatazkari amaiera emateko eta langileen etorkizunaren inguruko ziurgabetasunarekin bukatzeko aukera emango luke. Horretarako, aurretik beste sektore batzuetan hartutako erabakiak jarri dituzte adibide gisa. "Onkologikoa eta anbulantzietako langileak subrogatu badira, zergatik ez Asuntzion klinikakoak?", galdetu dute.

Negoziazio mahai bat irekitzeko deia

Manifestazioaren bidez, herritarrei, langileei eta eskualdeko eragileei Tolosaldeko osasun publikoaren aldeko borrokan bat egiteko deia egin diete. Langileen batzordearen ustez, ezin da eskualdeko osasunaren etorkizuna ziurgabetasunean utzi, eta beharrezkoa da behingoz negoziazio prozesu bati ekitea.

"Bada garaia negoziazioa abiatzeko, herritarren osasun beharrak eta langileen lan baldintzak bermatzeko dauden baliabideak aprobetxatzeko aukerak aztertzeko eta guztion intereserako konponbidea adosteko", adierazi dute amaierako agerraldian.

Horrela, hiru eskaera nagusi jarri dituzte mahai gainean: Asuntzion klinikaren publifikazioa, 380 langileen subrogazioa eta Tolosaldeko herritar guztientzat zerbitzu guztiak izango dituen osasun sistema publiko eta kalitatezkoa bermatzea. Hori lortzeko, negoziazioa eta alternatiba guztiak aztertzea ezinbestekotzat jo dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!