Jesse V. Johnson da bere zuzendaria eta Scott Adkins aktore nagusia. Zabaldu duten sinopsiaren arabera, Londreseko gau-klub bateko atezaina da filmeko protagonista nagusia, eta gogoz kontra onartzen du aspaldiko lagun batekin Espainiara bidaiatzea. Aktore kriminal ahaltsuen bilera arriskutsu batean parte hartzera doaz Espainiara, eta bertan, jokoan jarriko da bere iragan bortitza atzean uzteko erabakia.
Zuzendari zein aktore ingelesak badute ospea akzioaren eta arte martzialekin lotutako akzioaren generoan. 20 filmen zuzendaria da Johnson, eta 31 filmetan izan da protagonista Adkins.
Euskal Herrian filmaketa
Tolosan eta Nafarroako hainbat tokietan jarraituko dute filmaketarekin, hurrengo egunetan. Ingalaterra eta Espainiako zine ekoizleen arteko lankidetzak bultzatu du pelikula.
Nahiz eta zuzendaritza-taldea eta aktoreak ingelesak izan gehienak, bi arrazoik bultzatu dute Euskal Herrira ekarri izana bere errodajea. Gipuzkoari dagokionez, behintzat, ikus-entzunezko ekoizpenentzat indarrean diren pizgarri fiskalak zerikusi handia izan dute erabakian. Bestetik, Jesse V. Johnson zuzendariari izugarri gustatu zitzaion Inturiaga baserri ingurua hasieratik, balizko lokalizazioak aurkeztu zizkiotenetik. Alegia, Leitzarango bailara eta bertan kokatzen den Inturiaga baserri ingurua (baserriaren kanpo arkitektura, bi begiko harrizko zubia XVIII. mendekoa, Leitzaran erreka…).
Historia oparoko Inturiaga
Leitzaran bailararen gaineko informazio jakingarria eskaintzen duen leitzaran.net web orrian irakur daitekeenez, Inturiaga ("Inttui") baserria izen bereko burdinola hidraulikoaren etxebizitza izan zen; XV. mendekoa (1467. urtea) da burdinola horren lehen aipamen dokumentala, eta XIX. mendearen hasierara arte (1808 ingurura arte) egon zen martxan.
Elduaingo udalerrian kokatzen da Inturiaga baserria, Andoaindik zortzi bat kilometrora Plazaolako bidea hartuta Leitzako norabidean.
2010a arte basozain baten familia bizi izan zen bertan; hutsa dago geroztik. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen baserria 1990ean, Zikuñaga paper-fabrikak Leitzaranen zituen lur-sailak erostearekin batera.

