Amaitu da 111 Akademiaren ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia 111 Akademia Saria 2025ko ira. 30a, 13:36

Orain hilabete pare Manuel Larramendi Kultur Bazkunak jada aurreratu zuen bezala, amaitutzat eman ditu 111 Akademiaren lanak eta aurrerantzean Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak ez du jardunik izango. Bere azken ekintza ekainaren 5ean Miren Amurizari 2024. urteko 111 Akademiaren Saria ematea izan zen, Amasa-Villabonako HIKA txakolindegian.

29 urtez jardun du Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak. 1997. urtean sortu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, hasieran, baina, Beterriko Liburua izena eman zion, gehienbat bere jarduna Beterriko eskualdera mugatzen zuelako. 1997. urteko lehenengo ekintza aurreko urteko saria erabakitzea izan zen. Lehenengo sari hura, Beterriko Liburua 1996 izenarekin, Joxean Agirrek idatzitako Elgeta eleberriak irabazi zuen, Akademiak “urteko libururik gogokoena” izendatu baitzuen. Izan ere, hori izan da 111 Akademiak urtero-urtero gogorarazi nahi izan duen ezaugarria eta irizpidea: berak izendaturikoa “libururik gogokoena” zela, akademiakide guztien artean hautaturikoa baitzen.

Urtero Akademiaren saria emateaz gain –Beterriko Liburua izenarekin 2008. urtera arte–, 111 Akademiak irakurle eta literaturazale sare zabala osatu du urte hauetan guztietan Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena. Bere jardunari utzi dion garaian 218 akademiakide zituen zazpi euskal lurraldeetan barreiaturik, horietako asko Gipuzkoan eta Bizkaian. 111 Akademiaren webgunea izan da 218 akademiakide horiekiko harremana egin, sustatu eta haien irakurketei buruzko iritziak ezagutzeko tresna nagusia. Izan ere, akademiakideek urte osoan zehar erabili dute webgunea egindako irakurketen gaineko iritzia ezagutzera emateko. Ez horretarako bakarrik: webgunea euskal literaturari buruzko puntako hedabide eta informazio iturri izan da urte hauetan guztietan.

Webgunea eta sariaz gain, 111 Akademiak beste ekimen batzuk burutu ditu 29 urte hauetan: Kilkerren soka izeneko liburu aurkezpen egitaraua; argitara emandako liburuei buruzko Literatura pilulak (bideo laburrak gizarte sareetan zabaldu direnak); hainbat literatura taldeen gidaritza eta, azkenik, literatura aldizkaria, lehenik Beterriko Liburua izenarekin (56 zenbaki argitara emanda) eta, ondoren, 111 aldizkaria, urtean lau zenbaki argitara eman eta bere 30. zenbakia – azkena–, 2024ko abenduan argitaratu zuena.

Beste hainbestekoa da gauzatu ezinik utzi behar izan duen egitasmo kopurua: irakurketa aholkularitza zerbitzua akademiakideen iruzkinen bidez, gazte eta helduei zuzenduriko literatura txangoak eta, azken urteetan esku artean ibili duena: akademiakide agiria eskuratzeko egitaraua.

Azken egitasmo hauen gauzatu ezinak arrazoi bakarra izan du: ekonomikoa; behar beste dirubiderik lortu ez izana egitasmoa garatzeko.

Eta ekonomikoa izan da 111 Akademiari amaiera emateko arrazoia. Izan ere, urteetan arrastaka eraman du ekimena Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, behar beste dirubide ez baitzuen lortzen. 111 Akademiak urtero gutxien-gutxienean behar zuen aurrekontua berdintzeko zazpi dirulaguntza publiko ezberdinetara jo behar zuen, zazpietan aurkeztu eta zazpietan diru- kontuak kitatu. Horrek eragiten zuen lan-zamak oztopatu egiten zuen, zinez, Akademiaren beraren jarduerak behar bezala burutzea.

29 urte horietan ez du lortu, ordea, MLKBak diru-iturri sendorik bere egitasmoa behar beste garatu ahal izateko. Ez da ahaleginaren faltan izan, hainbat erakundetara jo baitu urte horietan guztietan, baina alferrik.

Beraz, azkenik bidera ezina gertatu da egitasmoa eta 29 urte horietan buruturiko ibilbideari eraginkor eta egoki iritzi arren, amaiera ematea erabaki du. Esan bezala, 2024ko abenduan argitaratu zuen 111 aldizkariaren 30. zenbakia, azkena, eta ekainean Miren Amurizari eman zion akademiakideek bere botoez ebatzitako azken saria, 2024koa, PLEIBAK eleberriagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!