Urtarriletik aurrera, B2 eta C1 mailako ziurtagiria prestatzeko ikastaro berriak eskainiko ditu Hernanialdeko AEK-k. 2020-2021 ikasturteko orain arteko eskaintzaz gain, aipatutako bi ikastaro horiek eta migratzaileentzako hastapeneko klaseak eskainiko dituzte eskualdeko AEK euskaltegietan.
B2 mailako klaseak astean bitan izango dira, 9:30etik 11:30era. Horrez gain, bi astez behin orduerdiko tutoretza jasoko dute ikasleek. C1 mailako ikastaroa ere astean bitan izango da, 9:00etatik 11:00etara. Kasu horretan ere, bi astez behin irakaslearekin orduerdiko tutoretza egiteko aukera izango dute ikasleek.
Ikastaroak euskara ikasi edo hobetu nahi duten pertsonei eskainita daude, titulua edo ziurtagiria eskuratu nahi dutenez gain. Dirulaguntzak matrikularen %100erainokoak izatera irits daitezke.
Aipatutakoaz gain, autoikaskuntzako ikastaroak ere eskaintzen ditu Hernanialdeko AEK-k klaseetara joateko zailtasunak dituzten ikasleei zuzenduta.
Euskaltegietako gela guztiak egungo osasun egoerara egokituta daude, beharrezko neurri eta produktuez horniturik.
Interesa duenak dei dezala 607 592 864 telefono zenbakira, edo gerturatu dadila Urnietako, Hernaniko edo Astigarragako AEK-ren bulegoetara.