Telelana. Bulegoko lana etxetik. ‘A ze mauka!, ‘Alde ederra!’, ideia hori buruan ekin genion lehen astean. Baina ez, ez da hain erraza egoera berezi honetan etxe barrutik kanpoko lana egitea, kontzentrazioari eustea, lanerako tarte egokia topatzea… Eta azken batean, goiz, arratsalde eta gau, nahas-mahasean, baina burua hortxe, lanean…
Haurrak tartean. ‘Gaur kalera bai, amatxo?’. Bi urte berrogeialdian (batek daki zenbat luzatuko den berrogeialdian) beteko dituen semearen galdera. ‘Gaur…, gaur ez… Beste egunen batean’ erantzuna. ‘A bai, bai… Beste egun batean’, pozik hura. Zortez, txikitxo hauek ez baitute koronabirusaz eta haren ondorioez ulertzen. Eta zer nolako poza, gainera! Aitatxo, amatxo eta arrebarekin jolasteko askoz ere denbora gehiago!
Zazpi urteko alaba ere pozik: etxeko lan, eskulan, sukaldaritza, tableta, kantu eta dantza… Baina hauek ulertzen dute jada. Badakite gure artean dela birus gaiztoa eta ez dela ongietorria. Helduok euren aurrean gaiari garrantzia kentzen saiatu arren, sumatzen dute haren itzala, sortzen duen aztoramendua. Poza eta ezinegona, eskutik lotuta.
Hementxe gabiltza, beraz. Guztiok ere ahal dugun modura aurrera eginez. Noiz eta XXI. mende bete-betean, teknologia berrienez inguratuta, gizakia guztiaren gainetik zegoela uste genuenean. Goizetik gauera ia, ustekabeko galanta eman digu birusak. Globalizazioaren alde ilunetako bat agerian utziz, abiadura bizian hedatu den birusak.
Haur, gazte nahiz heldu, guztiontzako ikasgaia. Benetako ikasgaia, gainera! Esan beharrik ez, eguneroko erritmoa moteldu eta, garrantzia duenari soilik eman behar diogula konturatzeko baliagarria. Osasuna, horixe premiazkoena eta zaindu behar duguna. Dudarik gabe, osasun sistema eta bertako langileak bezala. Momentu zail hauetan, iluntzekoez gain, txalo zaparrada beroa haientzat guztientzat.
Epe laburrean etorriko dira garai hobeak. Laster apalduko ote da egoera deserosoa! Eta orduan, espero dezagun, maite ditugun guztiekin batera ospatzeko aukera izatea. Egingo dugu topa, barre, dantza eta kanta! Bitartean eutsi goiari eta irudimenari! Animo, Malkar plazatik.