Koronabirusa

Aitona-amonak, eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Arozena 2020ko api. 1a, 21:21

Hemezortzigarren eguna konfinamenduan. Luzea eta astuna egiten ari zaigu dagoeneko. Egoera gogorrak sumatu ditugu inguruan, egoera latzak! Baina aurrera egin behar, ez dago besterik!

Aitona-amonak ekarri nahi ditut lerrootara gaurkoan, Euskal Herriko aitona-amonak. Bilobekin maiz egotera ohituta dauden aitona-amonak. Azken asteotan, birusaren zamaz gain, bilobekiko distantzia tarteko, barruan sekulako hutsunea sentitzen duten haiek guztiak.

Konfinamenduaren hasieran, halako elkarrizketaren bat entzutea egokitu zitzaidan:

-Zer moduz zabiltzate, ba?
-Zer moduz? Baina zer den hau, neska?
-Lasai, lasai... Pasako da.
-Baina zergatik? Zergatik ezin ikusi sano dauden umeak?
-Badaezpadako neurriak hartu behar ditugulako...
-Bai, bai. Ondo beteko ditugu neurriak. (Malkoak begietan).

Egunak eta asteak aurrera, gogor kolpatu du ingurua koronabirusak. Familiako kideak, auzotarrak, herritarrak hil dira. Birusarekin kutsatuta, ospitalean edo etxean bakartuta daude beste asko. Oso egoera gogor eta latzetan, etxekoen goxotasunetik urrun. Horren guztiaren aurrean, ‘kaka baino larriago’ daudela entzun diegu aitona-amona bati baino gehiagori. Eta arrisku handieneko adin-tartea eurena dela jakinda, nola ez sentitu beldurrik? Itolarririk?

Aditu eta psikologoek egiten duten deiari jarraiki, beraz, manten zaitezte aktibo, indartsu, gogor, eta ahal dela, ez piztu gehiegirik telebista. Ez behintzat datu beldurgarriegiak eskaintzen dituzten saio sentsazionalistarik.

Eta ez ahaztu onena iristeko dagoela. Zuek bilobekin bezala, bai baitakizue haiek ere egunero gogoratzen direla zuekin. Eta jasotzeke daukazuela oraindik haien besarkadarik bero eta sentikorrena. Lasai egon, gainera! Hau guztia igarotzen denean aparteko orduak ere eskainiko baitizkiezue bilobei; guraso askok atseden pixka bat hartzeko beharra izango dugu eta!

Euskal Herriko aitona-amonak! Eskerrik asko egunero ematen diguzuen laguntzagatik. Zuek gabe ezingo genuke aurrera egin.

Eutsi goiari! Laster pasako ote da erauntsia…

Muxuak, Malkar plazatik!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!