Aitona-amonengandik txikitxoenengana etorrita, zer esan? Dudarik gabe, txapeldun txiki oso handiak ditugula gure artean, eta sekulako adorea erakusten ari direla haiek ere. Txikienek, esanahia ulertzen ez badute ere, sumatu dute zerbait berezia, ezberdina…, eta dagoeneko hitz berri bat tartekatu dute euren hiztegian: ‘konabiruxa’.
Helduagoek euren bideari eusten diote; aspertu egiten dira tarteka, erretxindu eta haserretu ere bai! Batetik bestera ibiltzen ohituta, bat-batean hainbeste egun etxe barruan egotera behartuta, ez da batere harritzekoa! Baina zenbat momentu alai, pozgarri eta goxo! Etxekoen goxotasuna hain gertu sentitzea ez baita erraza gure eguneroko etenik gabeko bizimoduan.
Konfinamendua etxean bizitzeko modu ezberdinak daude, eta asko baldintzatzen du hori norbera bizi den lekuak: ezberdin bizi da herri txiki, herri handi edo hirietan; baserri, zelaidun etxe edo kale-etxeetan. Balkoidun kale-etxe edo balkoirik gabekoetan. Balkoirik gabeko kale-etxe handi edo txikiagoetan. Eta azken horiek, balkoirik ez duten kale-etxeetako, eta bereziki, balkoirik gabeko etxe txikienetako biztanleek dute meriturik handiena. Helduek ere bai, baina haur eta gaztetxo horiek nagusiki.
Zaila da helduentzat, eta zailago haurrentzat, huts-hutsik dauden etxe azpiko plazetara zergatik jaitsi ezin daitezkeen ulertzea: baloiari jo, pilotari eman, panpinarekin jolastu…, patinetean, bizikletan, korrika edo brinkoka ibiltzera. Nahitaezko distantziari eutsiz, noski, pilaketarik sortu gabe, banaka edo binaka, 30 minutuz bada ere… Beste herrialde batzuetara bezala, hona ere iritsiko da halako batean neurri edo baimen hori, eta asko eskertuko dute etxeko txikienek: haize pixka bat hartzeko, aske sentitzeko, etxeko atetik kanpora, -oso motel bada ere-, bizitzak aurrera jarraitzen duela ohartzeko…
Izan ere, konfinamenduaren hasiera-hasieratik ikusi ditugu txakurrak kalean pasiatzen. Maite ditugu txakurrak, baina are eta gehiago gure txapeldun txikiak!
Merezi dute horrenbeste!