Dagoeneko egunka baino, asteka ere zenba dezakegu konfinamendua. Lehen astea: kokatu ezina. Kalera begiratu, eta izua... Ez dut ukatuko, lehen bederatzi egunetan ez nintzen etxetik kalera ateratzeko gai izan, ezta ogia erostera ere. Konfinamendua hausteko nire arrazoia, udaltzainburuari telefonoz eginiko elkarrizketa ilustratzeko argazkia izan zen.
-“Bai, gertu bizi naiz eta joango naiz argazkia egitera”, esan nion amaieran. Atera nuen halako batean adorea. Geroztik, erosketak egitera eta laneko hainbat eginbeharrei erantzutera, tarteka, baina igarotzen dut etxetik kanporako atea.
Lehen astea, ‘koronabirus’ hitz baldarraren itzala bizkarrean, seme-alabekin, telelanarekin, etxeko ardurekin kokatu ezina izan bazen, bigarren, hirugarren eta laugarren asteak, kokatuxeago, baina aste aztoratuak izan dira, era berean. Nola demontre moldatu? Ordenagailu beretik bi pertsona lanean, haurrak tartean, eginbeharrez lepo eguna… Arnasa hartu eta, ‘bai noski! Gaur egingo ditugu txokolatezko trikuak’, sukaldean berriz ere sekulako anabasa sortuko badugu ere, hitza bete egin behar baita. ‘Nola ez!, zulotxo bat goran eta bestea behean eginez, bihar hustuko ditugu arrautzak, eta ondoren margo akrilikoekin margotuko’, beste ordu-erdi beharko badugu ere mahai-gaina eta pintzelak garbitzeko. Eta horrelaxe, egunero. Zer ez dugu egin jada? Buruan txapela jantzi eta turuta edo danborra joaz ere maiz ibiltzen gara txarangan etxean barrena. Inoiz pentsatu dut pareko bizilagunak txoratu ote garen pentsatuko duela. Baina ez…, berdintsu gabiltza guztiok, ezta?
Zer esango dizuet. Hau guztia igarotzen denean, lasaitasunerako tartea beharko dugula. Koronabirusaren eraginez geratu egin garela diogu maiz, baina hori ez da guztiz egia. Oso distantzia laburrean, baina goiz-goizetik geratu ere egin gabe igarotzen baitugu eguna. Nik behintzat lasai etzan eta ezertxo ere ez egiteko gogoa daukat, beno liburu eder bat irakurtzeko tartea hartzekoa, gogoko musikaz lagunduta edota txorien txioak entzunez. Eta nork daki! Agian etorriko zaigu kukua ere kantari. Ordurako, ea gogoratzen naizen badaezpada txanponen bat poltsikoan sartzeaz…
Eta hau guztia idatzi ondorenean, zenbat txorakeria esan ote dudan etortzen zait gogora. Kontua serioa eta latza delako, eta txikikeria horietan pentsatzeko tartea dugunok benetan zorionekoak garelako. Animoak ospitalean edo etxeko logelaren txikitasunean egunak eta egunak igarotzen ari zareten guztioi, gertuko norbait galdu duzuenoi. Muxua Asier Aristondori. Txapeldun handia zarelako, beste asko bezalaxe.