Ez da gutxi kostatako aukera izan, ordea. Behin baino gehiagotan atera gara balkoira kazolak astinduz haurrekin kalera ateratzeko eskubidea bermatzeko eskatzera. Joan zen astean azkenengoz, eta arrazoi osoz, gogoz astindu genituen gainera. Asteak zeramatzaten haurrek egunean behin, ordubetez-edo, kalera ateratzeko aukera izango zutela esanez, eta zehazten hasitakoan zer esan, eta pasiatzera ez, baina supermerkatura joateko aukera izango zutela helduren baten laguntzarekin. Haserretu egin ginen, sutu erabat. Eta zirku horretako parte ez ginela sentitu genuen askok, beste behin.
Badakigu ez dela erabaki erraza, badakigu berriz ere datuek okerrera egiteko beldurra ere tartean izango dela, baina zerbait gehiago badela ere esango nuke: boterearen handinahikeria, nork zer erabakitzen duen argi uzteko nahia. Eta beste neurri batean, herritarrekiko mesfidantza. Legeak egiten dituztenek beteko ez dituzten haiengan jartzen baitituzte begiak. ‘Zu nolakoa, besteak halakoak direla uste’.
Bada, hitzezko pertsonak garela erakusteko momentua da: pertsona heldu eta serioak garela, hain zuzen. Gure buruak eta ondokoenak babesteko, gauzak ondo egiteko gai garela erakustekoa. Distantzia mantenduz eta babes neurriak betez, kalean kilometro bat eta ordubete ondo errespetatzea egokitzen zaigu, etorkizun laburrean, bi kilometro eta bi ordu edo hiru kilometro eta hiru ordu izan daitezen. Pixkanaka gehituz.
Amasa-Villabonako Udalak haurrekin kalerako itzulera erraztu eta pilaketak saihesteko hainbat aholku eta gomendio luzatu du. Kalera ateratzeko haurraren adinaren araberako ordutegiak proposatu ditu, eta baita hainbat ibilaldi ere, haur eta familia gehiagorekin ez gurutzatzearren, guztiek norabide berean egiteko ibilbideak. Arratzain nahiz Amasa aldera. Ahaztuta daukagu zer den hori, baina pozarren abiatuko gara gure txoko kuttunetara, bai horixe!
Pasioan edo etxe azpiko plazatxoan jolasean, aitona-amonei edo aspaldiko lagunei urruneko bisita eginez, baina goza eta aprobetxa ezazue kalerako lehen eguna, -eta ondorengoak-. Haurrek bereziki, eta baita gurasoek ere!