Herriko eta eskualdeko gertaerak aireratzea da gure lana, herriko eta eskualdeko herritarren pasadizo, bizipen, lorpen edota egoeren berri ematea. Besteez, hirugarren pertsonez aritzen gara. Gaurkoan, ordea, buelta eman, eta gure kolkora begira jarriko naiz; lehen pertsonan ezagutzen dugun herri hedabideotako langileon egunerokoa izango dut hizpide.
Dudarik ez, lan polita da gurea. Jende eta ekimen asko ezagutu, eta ekintzak gertutik bizitzeko aukera ematen du. Argitalpen ezberdinetan parte hartzeko zortea izan dugu; asko ikusi, entzun eta ikasi dugu, eta hori guztia zabaltzen saiatu gara. Euskara bidelagun beti. Gertaera txiki eta handiagoak gertutik gertura, eta euskaraz: elkarrizketatuaren hitza edo gertaera erdigunean. Lan polita da gurea, baina bokaziozko lana da, militantziazkoa ia. Gu baino egoera nekezagoan pertsona asko dagoela jakin arren, jakina, ez gara lan honetatik aberastuko. Eta ez ordurik eskaintzen ez diogulako. Dagozkigunak baino dezente gehiago egunerokoan, baita etxe zuloan konfinatuta egonda ere. Lan polita da gurea bai, baina nekea ere bada. Gai-zerrendak osatzetik hasi, kontaktuak lortu, elkarrizketak lotu, tarteka kalabazaren bat jaso, berriz ere gai-zerrenda osatu, elkarrizketak prestatu, egin, transkribatu, maketatu, zuzendu, inprentara bidali, jaso, banaketa prestatu… Tartean webgunea eguneratuta mantentzeaz ahaztu gabe, noski. ‘Hau gertatu omen da’, ‘ekintza hori egin omen dute’. Utzi dena eta piztu ordenagailua, munduko albisterik garrantzitsuena ematera joango bagina bezala... Eta ez, ez dira munduko albisterik garrantzitsuenak izango agian, baina gureak dira. Gure herrikoak, gure eskualdekoak, gure auzotar edo herritarrenak. Eta lekukoak ere merezi du tarterik, bere oihartzunik.
Paperezko hamaboskaria da Beterri-Aiztondo bailaran gure izarra, gure betebehar eta ardura nagusia. Astekaria, berriz, Andoain eta Urnietakoa. Harpidedun fidelak ditugu. Erakunde eta iragarleen laguntzaz gain, hamabostero aldizkaria etxean jasotzen duten haiei esker egiten du aurrera gure papereko argitalpenak. Nekez egiten da, ordea, harpidedun berririk. Irakurle gazteek paperean baino, webgune eta sare sozialen bidez egiten baitute interesatzen zaien horren jarraipena.
Aiurri oso baliabide urriekin egiten dugun hedabidea da, azpiegitura murritzarekin, erabat oinarrizkoarekin. Esku, hanka eta buru gutxi, iritsi behar den txoko guztietara iritsi, eta jasotako hori guztia paperera nahiz sareetara ekartzeko. Astegun bezala asteburu edo jai egun; goiz, arratsalde eta iluntze. Noizean behin, baita gauez ere. Ba al du ba ordutegirik gure lanbideak?
Paperezko argitalpenari ahalik eta denbora gehien eskaintzen saiatzen gara, baina dudarik ez, sare sozialen garaian bizi gara. Eta sare sozialek abiadura bizia dakarte. On egotera behartuta gaude, barruak off egitea eskatu arren maiz. Orainaren garrantzia. Momentuan momentukoa kontatu beharra: segidan, orduantxe, berehala…, berandu baita geroxeago esatea. Berandu bihar, eta zer esanik ez etzi.
Paperean nahiz sareetan aritzea bada ardura, bada erantzukizuna. Eta esan dut, proiektuari ordu asko eskaintzea eskatzen du gure lanak. Ez dago, ordea, beharko lukeen bezala baloratuta. Aspaldi batean izoztuta geratu ziren gure soldatak. Gogoratzea ere kosta egiten den aspaldi batean. Ez naiz hemen zifrak aireratzen hasiko, baina harridura sortzeko modukoak ere badira. EAE mailako batezbesteko soldataren oso azpitik gaude. Badirudi, -noiz eta garai hauetan, gainera-, soldata ziurtatu samar daukagunok kexatzeko arrazoirik ez daukagula. Baina bai, oso azpitik gaude.
Irakurleok egiten dugun lana gogoz jasotzen baduzue behintzat…, gaitzerdi! Gure lanak ez du beharko lukeen erantzun ekonomikorik, baina gure eginbeharra ondo betetakoan, bai asebetetze eta esker onik. Lan polita da gurea, eta gustura egiten dugu, baina alderdi ez hain politik ere badu… Ordenagailua eta mugikorrak itzali eta mendi puntara korrika abiatzeko gogoa sortzen da behin baino gehiagotan. Dagoeneko ezin kexatu, ordea; oraintxe bai baitugu horretarako aukerarik.
Noski, ezin idatzi hau bukatu Aiurrin daukagun altxor preziatua aipatu gabe: kolaboratzaile eta laguntzaileen sarea. Gure eguneroko lana errazten laguntzen digute, gugan konfiantza jarri eta edozertan laguntzeko prest azalduz: elkarrizketak eskaini, informazioa gure eskura jarri, idatziak osatu, argazkiak edo bideoak igorri… Mila esker guzti-guztiei, gure lana arintzen laguntzeagatik.