Zalantzaz beteta gabiltza bizi dugun egoera berezi hau goizetik gauera normaldu beharraren aurrean, eta pasiorako edo kirola egiteko orduan, naturarekin harreman zuzenaren bila jotzen dugu askok. Egun goibelxeagoak ere tartean, udaberri ederra egokitu zaigu aurtengoa.
Mendi aldera abiatu eta aspaldian baino dotore eta indartsuago sumatu ditugu bazterrak. Dudarik gabe, naturak behintzat eskertu egin du gizakia bi hilabetez geldirik egon izana. Inolako oztoporik gabe egin du hark bere bidea. Beldurrik eta mugarik gabe. Denbora tarte horretan, basoko hainbat animalia herri eta hirietara gerturatzera ere ausartu da, ez baitute inor aurkitu euren bidea galarazteko. Oreinak, orkatzak, basurdeak edo basahuntzak pasiatzen ikusi ditugu kale hutsetan, hegaztiak ere erabat ausart euren jatekoaren bila. Inguruan nahiz urrunagoko hiri eta herrietan.
Leitzarango sugea famatu egin da azken asteotan Andoain aldean. Baina hura bai, bere habitat naturalean zebilen hura: aspaldian behintzat bisitaririk inguruan sumatu gabe, lasai ederrean.
Eta gizakia naturaren baitan barneratzen hasi garenean, ez al gara inoiz baino txikiago sentitu? Ez al digu gaina hartu paisaiaren edertasunak? Naturaren eta udaberriaren baitan sumatu eta sentitu ditugun kolore, hots, doinu eta usainek?
Munduaren beste puntan harridura sortu digu Indiako hainbat puntutatik, orain 30 urte ez bezala, Himalaya mendia ikusi dutela entzuteak. Gizakiak sortutako poluzioak eragotzi die ikuspegi eder hori hainbeste urtean. Konfinamenduaren eraginez, besteak beste, autoen eguneroko martxa apaldu eta kontaminazioa jaitsi denean azaleratu zaie ikuspegi ederra. Zer pentsa ematen duten kontuak dira: gizakiok oztopatzen baitugu maiz naturaren bide naturala.
Naturaren handitasunean, uste duguna baino askoz ere zati txiki eta apalagoa gara. Ahaztu egiten zaigu hori askotan, ordea.
---
*Argazkiak Aranerrekan barrena ateratakoak dira. Zoragarri dago inguru hura.