1950eko irailaren 8an, Villabonako Kale Nagusiko Astis-enea etxean jaioa. Martina eta Manuelen alaba. 13 urterekin hasi zen josten ikasten Villabonako Saizar etxean, izeba Milarekin batera. Orratza eta hariarekin artista. Hari, botoi eta oihalen artean hazi ginen etxean. Ezkongaien soinekoak josten ere aritu ziren bi ahizpak urte luzez. Nola ahantzi metrokako puntilla txuri eder haiek. Oihalak moztu eta gorpuzkera ezberdinetara egokitzen zituen amak, txukun eta dotore. Neurrira josi ez ezik, konponketak egin zituen urtetan. Oinkari dantza taldeko arropak josten ere makina lan egindakoa. Gustura beti, eskuz nahiz josteko makinaren triki-trakan.
Bilobak jaiotakoan alboratu zuen egiteko hura, bere sei altxor preziatuak hazten laguntzeko. Amonaren bizipoza ziren bilobak, eta biloben ezinbesteko bidelagun amona. Elkar gozatu zuten, asko.
Maitasunaren balioa erakutsi zigun, eta maitasuna jaso du bueltan, lorez lore, maite genuen guztion eskutik.
Gaixotasun gupidagabeak eraman du, baina bizinahiari eutsi dio bide malkartsuan barrena. Inoiz kexatu gabe. Emakume handia joan zaigu, eta harro esan dezakegu zortedunak izan garela alboan eduki dugulako. Gugan zaude orain amatxo, eta gure baitan jarraituko duzu aurrerantzean.
Laia
Laia Alejo Arruti; sorgintxo alai, jostari, dantzari… Bizitzaren alderdirik gogorrena ezagutzea egokitu zaizu, goizegi. Ametsez beterik, 10 urtetxo besterik ez zenituela.
Gertuko familiak izaki, ‘amona Begoña’ esaten zion Laiak amari. Amak begirune handia zion Laiari, are handiagoa biak zorigaiztoko gaixotasunaren atzaparretan erori zirenetik. Hilabete pasatxoko aldearekin jakin zuten gaixotasunaren berri eta, segida-segidan, hilabeteko aldearekin joan dira biak, ia eskutik.
Txoritxo askeak zarete orain. Egizue, lasai, hegan.